Itxi

Musika

''Maitasunari pasioa''

Su Ta Garren pasioa, abiadura motelagoan

eitb.eus

Eibarko laukoteak “Maitasunari pasioa” kaleratu du gaur, baladaz osatutako  diskoa. Urtarriletik aurrera antzokietan aurkezteko asmoa dute.

Su Ta Gar taldea bueltan da, estudioko hamaikagarren diskoarekin. Gaur goizean aurkeztu du laukoteak Bilbon “Maitasunari pasioa” lana, aurreko diskoetan salbuespena izan diren kantu mantsoagoen, baladen ("Itxaropena", "Denborak", "Hitz margotuak", "Zure albotik urrun banago"…), estiloko kantez osatutako diskoa.

Antzokietan aurkeztu nahi du diskoa Eibarko taldeak, urtarriletik aurrera, baina lehenago betiko formatuan ikusi ahalko ditu publikoak, bihar, larunbata (urriak 29), Bilboko Kafe Antzokian, esaterako. Jakina denez, azkenaldian legez, kontzertu horretan Aitor Losadak ordezkatuko du Aitor Gorosabel gitarran, kantariak lesionatuta jarraitzen baitu.

Xabier Bastida gitarristak gaurko aurkezpenean azaldu duenez, zaleen aspaldiko eskakizun bati ere erantzuten dio disko berriak: “Jendeak bere bildumak egiten zituen diskoz disko egin ditugun kantu lasaiekin, eta gisa horretako hamar kantu berri sortzea ideia ona izan zitekeela otu zitzaigun”.

Diseinuan bertan erakusten dutenez zaleentzako “eskutitz intimoa” den diskoko kantuon hitzak maitasunari buruzkoak dira, baina, Aitor Gorosabelek azaldu duenez, “hitza zentzurik zabalenean hartuta”: aberriarenganako maitasuna, lagunenganakoa…

Erritmo lasaiagoek pianoaren protagonismoa handitu dute diskoan, eta Aitor Gorosabelek konposatzeko ere erabili ditu bai instrumentu hori bai teklatuak oro har ere, “Bowiek, denborari” kantuak erakusten duenez. Are gehiago, urtarriletik aurrera emango dituzten zuzenekoetan pianoa joko du Gorosabelek.

Nolanahi den, Su Ta Garrek argi utzi duenez, proiektu berezia da disko lasaiago hau, eta, honen ostean, berriz helduko diete distortsioari eta bonbo bikoitzei.