Itxi

Musika

Elkarrizketa

"Jendea ez da espreski zu ikustera joango jaialdira, baina norbaiti jakin-mina pizteko balio lezake"

Natxo Velez | EITB Media

Merina Gris taldeak eta Eneritz Furyak bakarlariak kontzertua eskainiko dute Bilbao BBK Live jaialdiaren hirugarren egunena, eta beraiekin hitz egin dugu.

  • Bilbao BBK Live jaialdian joko dute Merina Grisek eta Eneritz Furyakek. Argazkia: Sharon Lopez.

    Bilbao BBK Live jaialdian joko dute Merina Grisek eta Eneritz Furyakek. Argazkia: Sharon Lopez.

Bukatzear da Bilbao BBK Live jaialdia, nekea metatzen eta ikusteko taldeen zerrenda arintzen doaz, baina kasu Eneritz Furyak eta Merina Gris errenkada horretatik kanpo utzi gabe.

Jaialdi erraldoiaren azken egunean kontzertua eskainiko duten musikariekin hitz egin dugu.

Merina Gris: "Prest etorri, eta lotsarik ez izan benetako zerbait bizi ahal izateko"

Merina Gris. Argazkia: Ekhi Alde

Merina Gris. Argazkia: Ekhi Alde

Larunbata, 18:20, Txiki agertokia

Hirukotea han-hor-hemen dabil uda honetan, txosnagune eta plazak girotzen, herriko jaietan, eta, gurutzaldi abiadura hartuta, Bilbao BBK Live jaialdira eramango dute beren pop elektroniko indartsu noiz lakar noiz melodikoa.

Egon zarete inoiz Bilbao BBK Live jaialdian? Noiz?

Bai, 2015etik aurrera urtero egon da taldekideren bat gutxienez.

Zer oroitzapen dituzue jaialdian bizi izandakotik?

Oso ondo pasatu dugu beste urte batzuetan. Bereziena, ingurumena iruditzen zaigu. Dena eskura dago; hor ez du beste makrojaialdiekin antzekotasunik.

Maila horretako artistak 35 gradutara dagoen asfaltozko gune erraldoi batean ikusi behar ez izateak badu bere balioa.

Kobetan ikusitako zer kontzertu duzue gogoan bereziki iltzatuta?

Marmozets, 2015ean, karpako agertokian. Ez genuen horrelako kontzertutzarrik espero.

Zer agintzen diozue, bai ala bai, zuen kontzertua ikustera gerturatzen denari? Zer aurkituko du publikoak seguru zuen emanaldian?

Prest etortzea, eta lotsarik ez izatea benetako zerbait bizi ahal izateko. Badakigu zaila dela, tamalez, baina hori eskatzen diogu geure buruari ere.

Zer eskaintzen dio taldeari horrelako jaialdi erraldoi batean jotzeak?

Alde batetik, ilusioa egiten du miresten dituzun hainbat artistarekin kartela elkarbanatzeak.

Arlo praktikoan, ikusgarritasuna ematen dizu medioetan, seguraski.

Zer muga ezartzen dizkio taldeari, aitzitik, jaialdi handi baten barruko kontzertu batek, baten bat badago?

Gure errealitateari dagokionez, muga bat baino gehiago daude; azken finean, kartelean duzun tamainaren araberakoak dira, suposatzen dugu.

Ordutegi aldetik eta errepertorioaren luzera aldetik, gehienak.

Ordutegiak ahalbidetzen badizue, karteleko zein talde ez duzue galduko?

070 Shake, Judeline, The Blaze, La Paloma…

Zer da agertokira irten aurretik egiten duzuen azken gauza?

Maskara jantzi eta urduri egon

Zer da agertokitik jaitsitakoan egiten duzuen lehen gauza?

Kaskoak erantzi eta taldekideak besarkatu

Zein da, ezagutzen duzuen jaialdietatik, zuen gustukoena?

EHZ Festibala, adibidez

Zein da ikusi zenuen lehen kontzertua?

Soziedad Alkoholika, Naizroxa eta Anestesia, Pasai Donibaneko kiroldegian

Zein da ikusi duzun azken kontzertua?

Lendakaris Muertos, Herrerako jaietan

Ikusitako zein kontzertu ez duzu sekula ahaztuko?

Mundaka Festivalen, Biffy Clyro. 300 pertsona, igande batean. Arraroa bezain polita eta berezia.

Zein da sekula ikusi ezingo duzun baina ikusi nahiko zenukeen kontzertua?

Merina Gris eta Linkin Park

Damutzen zara ahaztu nahiko zenukeen kontzerturen bat ikusi izanaz?

Uste dugu ezetz, kar kar kar

Eneritz Furyak: "Amarrurik gabeko musika proposamena da nirea"

Eneritz Furyak

Eneritz Furyak

Larunbata, 17:30, Beefeater agertokia

Eneritz Furyakek jaialdiaren azken eguneko nekeak desagerrarazteko ardura izangoa du, hirugarren eta azken egunean agertuko baita agertokira, ateak ireki eta berehala, 17:30ean.

Kontzertu eremura sartu eta Beefeater agertokira iristen direnak, hala ere, erraz edukiko dute Eneritz Furyaken ahots melodia xuxurlari, detaile elektroniko ilun eta gitarra soilekin kateatzeko.

Jaialdiaren atarian, berarekin hitz egin dugu.

Zer agintzen diozu, bai ala bai, zure kontzertua ikustera gerturatzen denari? Zer aurkituko du publikoak seguru zuen emanaldian?

Amarrurik gabeko musika proposamen bat, entzutekoa ikustekoa baino gehiago, jotzeko modu berezia dudan arren bakarrik aritzen naizela eta: gorputz osoa erabiltzen dut kantuak jotzeko, eszenatokian asko mugitzerik izan gabe ere.

Ez dut publikoari zerbait zehatza emango diodala zin egiteko ohiturarik, uste dut ez duela musikak hori behar, entzun eta probatzea da kontua. Gustuko baduzu bikain, eta bestela ere bai.

Baina zerbait esatearren: gitarra akustikoaren eta sintetizadorearen arteko lehia, giro ilunak eta jolasak ahotsarekin. Ez dakit horrelako jaialdi batean tarterik baden letrari jaramon egiteko, baina eginez gero… galdera mordoxka bat suertatuko zaizkio agian entzuleari.

Zer eskaintzen dizu horrelako jaialdi erraldoi batean jotzeak?

Izatez, kontzertu bat gehiago da, emanaldi bakoitzak baditu eta bere berezitasunak. Nirea bezalako proposamen batentzat erronka ere bada, badakizulako jendea ez dela espreski zu ikustera joango jaialdira, baina bai norbaiti jakin-mina pizteko balio lezakeela.

Niri galderari buelta ematea gustatzen zait: zer eskaintzen diogu bertako talde "txikiok" jaialdi erraldoiari?

Zer muga ezartzen dizkio taldeari, aitzitik, jaialdi handi baten barruko kontzertu batek, baten bat badago?

Muga argienak niretzat malgutasunarekin du zerikusia. Ondo ezagutzen ditut barrutik horrelako ekitaldien engranaiak, eta zehaztasun handia behar da dena ongi atera dadin; ez da lan erraza, eta ulerbera naiz.

Baina horrek esan nahi du ordutegiak zehatz errespetatu behar direla, gauzak azkar gertatzen direla, logistika ez dela izaten horren erraza (zure tresnak eramatea, soinu probak, batzuetan ordu luzeak itxarotea jotzeko…) eta zailagoa dela alde humanoa zaintzea, hitz batzuk konpartitzea zure aurreko eta osteko taldeekin, antolakuntzarekin…

Ordutegiak ahalbidetzen badizu, karteleko zein talde ez duzu galduko?

Bada, aurten bereziki egingo lidake ilusioa hemengoak ikusteak: Txopet, Merina Gris… Atzerrikoetatik, zalantzarik gabe, Arca. Eta jakin-minez, Idles, ni ez bainaiz izugarri zalea, baina nire inguruan zale asko ditut eta uste dut zuzenean ikusi gabe ez dudala jakiterik izango benetan maite ditudan ala ez.

Zer da agertokira irten aurretik egiten duzun azken gauza?

Abeslari lirikoa den lagun batek gomendatutako xelebrekeria bat: gorputz-adarrak erabat zabaltzea, itsas izarraren moduan, eta jarraian askatzea.

Komiko samarra da, baina tentsioa askatzen laguntzen omen du.

Zer da agertokitik jaitsitakoan egiten duzun lehen gauza?

Zapatak jantzi! Erantzi egin behar ditut, sinte pedalak oinekin jotzeko, eta beti ateratzen naiz eszenatokitik galtzerditan.

Zein da, ezagutzen duzun jaialdietatik, zure gustukoena?

Onartu behar dut musikazale bezala nahiago ditudala aretoak. Bereziki taldeak aurretiaz ezagun baditut, nahiz eta batzuetan jaialdi batzuek ematen dizuten aukera gauza berriak ezagutzeko.

Inon etxean sentitu banaiz, EHZn izan da.

Zein da ikusi zenuen lehen kontzertua?

Gurasoekin izango nintzen hainbat kontzertutan lehenago, baina nik kontzienteki hautatutako lehena La Oreja de Van Goghen bat izan zen. Hortik gutxira, 2006an, eta leku berean Berri Txarrak, Soziedad Alkoholika eta beste batzuk ikusi nituen.

Esango nuke gazteegia nintzela kontzertu horretarako: parranda giroa zegoen, umetxo batzuk ginen… Kuadrillako guraso bat konbentzitu genuen gurekin joateko, eta hara: guk oso ondo pasa genuen baina guraso hari denetarik eskaini zioten inguruan parrandan zebiltzan gazteek.

Uste dut ez zekiela nora gindoazen.

Eneritz Furyak

Eneritz Furyak

Zein da ikusi duzun azken kontzertua?

Izan naiz ondotik gehiagotan, baina lanean. Nire denbora librean, apirilean Xixongo LEV Elektronika Bisualeko jaialdian izan nintzen, eta asko gozatu nuen.

Throwing Snowrena uste dut izan zela nire saio gogokoena.

Ikusitako zein kontzertu ez duzu sekula ahaztuko?

Urteetan zehar kontzertu gehiegi ikusi ditut ahaztuko ez ditudala ziurtatzeko! Goldfrapp taldearen Felt Mountain diskoaren 20. urteurrenekoa, Edinburgon, ederra izan zen.

Musikalki behintzat, xehetasun guztiak izan ziren burmuina itzali eta bihotzarekin bakarrik entzuteko modukoak.

Zein da sekula ikusi ezingo duzun baina ikusi nahiko zenukeen kontzertua?

Agian ez dago ongi elkarrizketa honetan esatea, baina badira nazioarteko taldeak ez ditudanak agian inoiz ikusiko jaialdi erraldoietan eta estadioetan soilik jotzen dutelako.

Kuttun-kuttunak baditut, nahiago dut ez ikusi horrelakoetan.

Damutzen zara ahaztu nahiko zenukeen kontzerturen bat ikusi izanaz?

Damutzen naiz noizbait hori sentitu izanaz edo gaizki pasatu izanaz, kritika bortitzera jo izanaz zerbaitekin… Musika ez da sufritzeko, inondik inora ere. Eta gainera askotan ez da aurreikus dezakezun zerbait.

Gustuko ez baduzu, baduzu alde egitea, edo geratzea, baina sufritzera heldu gabe, garrantzia kenduz. Eta bai, egin dut alde inoiz kontzerturen batetik. Baina batzuetan arrazoia ez da dirudiena bezain traszendentea: batzuetan alde egin dut nekatuta nengoelako nahiz eta kontzertuaren zati handi bat gozatu, edo bolumena ozenegi zegoelako eta ez neramalako tapoirik, lekuz kanpo sentitu naizelako… Taldeekin inolako zerikusirik ez duten gauzak.

Damutu, zertarako?