Itxi

Musika

Martxoak 1, 2 eta 3

Musika-Música jaialdiak irudiak marraztuko ditu musikaren bidez

EITB Media

Hiru egunean, martxoaren 1etik 3ra, 76 emanaldi izango dira: Beethoven, Falla, Granados, Debussy eta Ravelen doinuak izango dira entzungai, besteak beste. 2024ko edizio honek "irudiak" ekarriko ditu gogora, aurkezpenean azaldu dutenez.

  • Bilbao Orkestra Sinfonikoak jaialdiaren irekiera kontzertuan joko du, Arriagan

    Bilbao Orkestra Sinfonikoak jaialdiaren irekiera kontzertuan joko du, Arriagan

Musika-Música musika klasikoaren Bilboko jaialdiaren 23. edizioa martxoaren 1, 2 eta 3an egingo dute, "Irudiak" izenburupean. Hiru egunean, 76 emanaldi egingo dituzte, guztiak ere Euskalduna jauregian irekierakoa izan ezik.

Irekiera kontzertu hori, hain zuzen, ostiraleko, martxoak 1, 19:00etan izango da, Arriaga antzokia: Bilbao Orkestra Sinfonikok (BOS) eta Bilboko Koral Elkarteak taula gainean interpretatuko dituzte Jesus Guridiren "Eusko Irudiak" eta Modest Myssorgskyren "Cuadros de una exposición", Maurice Ravelek orkestrarako egin zuen egokitzapenean.

Besteak beste, Beethoven, Falla, Granados, Debussy eta Ravelen doinuak entzungo dira emanaldietan, eta zinemak ere tartea hartuko du Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoaren kontzertuekin (Leonard Bernsteinen obra joko dituzte) eta Bilboko Udal Bandarekin, igandean "Suite sobre las melodías de C. Chaplin" interpretatu, eta "The pawnshop" (Mailegu-emailea) Chaplinen filma musikaz lagunduko baitu azken horrek.

Kontzertuek 45 minutuko iraupena izango dute, eta sarreren prezioa 13 eurokoa izango da gehienez ere. Otsailaren 14an jarriko dituzte salgai txartelak.

Euskaldunako oholtzetara igoko dira Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikoa, Madrilgo Erkidegoko Orkestra, Bayerische Kammerphilarmonie, Academy of St Martin in the Fields, Leipzigeko Mendelsshon Ganbera Orkestra…