Itxi

kultura

‘VIP’

Joglarsek 'tirano txikiak hezten ari garen' galdetuko du Arriagan

Natxo Velez | eitb.eus

Els Joglars antzerki konpainia katalanak gizartea, umeak gehiegi babestuz, “jauntxo tirano txikiak” hezten ari ote den galdetuko die ikusleei Arriagan, abenduaren 17tik 20ra.

  • Abenduaren 17tik 20ra izango da Arriagan 'VIP'

    Abenduaren 17tik 20ra izango da Arriagan 'VIP'

Els Joglarsek beraiei arreta handiegia eskainiz seme-alabak gehiegi babesten ote ditugun galdetzen die ikus-entzuleei VIP bere lan berrian. Konpainiak lau emanaldi egingo ditu Bilbon, abenduaren 17tik 20ra, egunero 20:00etan, Arriaga Antzokian.

Ramon Fontserè Joglarseko zuzendariak gidatzen du ikuskizuna, Martina Cabanasekin batera idatzi eta gero. Fontserè bera da antzeztaldeko buru, eta Pilar Saenzek, Dolors Tuneuk, Xavi Saisek eta Xevi Vilàk osatzen dute aktoreen zerrenda.

VIP siglek Very Important Person esan nahi dute, eta, hain zuzen ere, gaur egungo gizartean umeek estatus hori lortu dutela salatu nahi du lanak. Gure bizimodu modernoan, izaki pribilegiatua dira egun seme-alabak, Els Joglarsekoen arabera.

Paradoxa da, baina gurasoek asmo onez, umeen onerako ari direlakoan, egindakoek pertsona zakar, "tirano txiki", bilakatzen dituzte seme-alabak, antzezlanean azaltzen dutenez.

Nahiz eta zuzendaria aldatu duen, antzerki talde katalanak jite berari eutsi dio, umore garratz eta lotsagabean sustraituta.

Sarrerak 8,50 eta 25 euro arteko prezioan daude salgai, antzokiaren webgunean, 946 850 850 telefono zenbakian eta lehiatiletan.

Martina Cabanasek, VIP lanaren egileetako batek, haren nondik norakoak azaldu dizkigu.

-Zein portaerak bihur litzakete umeak “jauntxo txiki”?

Zaila da gai honen inguruan maisuarenak egitea: gure ikuskizunean, inguruan une oro ikusten ditugunei begiratu diegu, eta oso deigarria da publikoak berak autokritika egiten duela antzezlana bukatutakoan. Are gehiago, aurreiritziak kenduta, gertakariak kontatzen hasten zaizkigu: “Tira, antzezlanekoa labur gelditzen da, nire koinata ezin izaten da supermerkatura joan semeari ez zaiolako gustatzen” edo “nire auzokoen seme-alabek familia oporretan nora joaten den erabakitzen dute”…

-Bizitzak jotzen dituen erronkei aurre egiteko baliabide gutxiago dituen belaunaldia hezten ari gara?

Dirudienez, bai. Umeak babestea naturala eta behar-beharrezkoa da; edozein gauzaren aurrean, akats edo porrot txikienetatik ere, gehiegikeriaz babesten ditugunean etortzen da arazoa… ‘Txikia, ez duzu galdu, irabazleetan azkena izan zara’ esaldia ez da txistea, benetan entzun genuen. Eta ez dut uste mutikoari motibatu eta azkarrago joateko mesede handia egin zionik…

-Zergatik babesteko grina horrek, laineza horrek, ez du islarik gainerako gizakiekin dugun harremanarekin, elkartasun bezala esaterako?

Gainerakoen seme-alabekin ere ez da erakusten. Zure txakurrari eskuila egunero pasatu ahal diozu, edo harentzat jateko beroa prestatu, eta, aldi berean, autobusean ondoan duzun 80 urteko emakumeari eserlekua utzi ez.

-Guraso berriek, testuinguru ezberdinetan hazi diren belaunaldi berriagoek, beste era batera heziko ote dituzte seme-alabak?

Bizitza kulunkan mugitzen da, eta penduluaren legea betetzen jarraituko dute hurrengo belaunaldiek ere. Seguru asko aurreko belaunaldikoei ezarri zieten dizplina gogor eta zorrotzaren ondorioz, berez konnotazio negatiborik ez duten hitzek, “diziplina”k berak edo “esfortzu”k kasu, alergia ematen digute… Eta, berez, litekeena da eraldaketa etorkizunean ere gertatzea.

-Nola taularatzen duzue hezkuntzaren inguruko hausnarketa hau?

Erritual satiriko gisa aurkezten dugu: helduek, intsektuak bailiran, Jainko berrien gisara zerbitzatu eta miresten dituzte seme-alabak. Oso interesgarria iruditu zitzaigun antzezkizuna izaki berriaren sorkundearekin abiatzea, eta gero haurdunaldi eta erditzeari begiratu eta gero, umeak zazpi urte dituen arte heltzea.