Itxi

kultura

DSS2016EU

Donostia 2016ri Melina Mercouri saria ematea gomendatu du Europak

Agentziak | Erredakzioa

Donostiari eta Poloniako Wroclaw hiriari egindako gomendioak jasotzen diren txosten batean, DSS2016EU proiektuaren garapenari buruzko balorazio positiboa egin du jarraipen batzordeak.

  • Artxiboko irudia: EiTB

    Artxiboko irudia: EiTB

Donostia 2016ri Melina Mercouri saria (1,5 milioi eurokoa) ematea gomendatu dio proiektu horren jarraipen batzordeak Europako Batzordeari astelehen honetan argitaratu duen txosten batean.

Martxoaren 24an Bruselan aurkeztu zuen Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren lantaldeak azken txosten ofiziala, eta horren erantzun gisa argitaratu berri du jarraipen batzordeak aipatutako dokumentua.

Donostiari eta Poloniako Wroclaw hiriari egindako gomendioak jasotzen diren txosten partekatu honetan, DSS2016EU proiektuaren garapenari buruzko balorazio positiboa egin du batzordeak.

Dokumentuak dioenaren arabera, batzordea "lasaiago geratu da Donostia 2016ko lantaldeak (aurreko ebaluazio bileratik) egin duen aurrerabidea ikusita", eta hiria "zoriondu nahi du egindako lanarengatik".

Batzordeak gaineratu du hiriburutza urtearen arrakastarako beharrezkoak izango dela "kultura, ekonomia eta gizarte eragile guztien zein gobernu maila guztietako indar politiko guztien elkarlana", betiere Donostia 2016k "Elkarbizitzarako kultura" goiburupean garatutako programa oinarri hartuta. Batzordeak goretsi egin du DSS2016EUk bere komunikazio estrategian lau hizkuntza erabiltzea.

Gomendioak

Dokumentuak hainbat gomendio ere bildu ditu, besteak beste, DSS2016EUk ahal bezain laster ekoizpen lantalde bat aukeratzea lehentasunen artean jartzea.

Horrez gain, "kezka txiki bat" agertu du babeslei dagokienez, eta arlo honetan egon daitezkeen diru iturriak ondare plan batera zuzentzeko gomendatu du, DSS2016EUren lantaldeak Bruselan martxoko bileran proposatu zuen moduan, hain zuzen ere.

Bestalde, jarraipen batzordeak Espainiako Kultura Ministeriotik datorren finantziazioari buruzko kezka ere adierazi du, zortzi hilabete baino ez baitira geratzen hiriburutza urtea hasteko.

Donostia 2016ren lantaldeak txostenaren edukiari buruzko balorazio positiboa egin du. Proiektuaren zuzendari nagusi Pablo Berasteguik adierazi duenez, "oso pozik gaude Europak gure proiektua modu egoki eta positiboan baloratu duelako eta Bruselako bileran piztutako itxaropenak egia bihurtu direlako Melina Mercouri saria lortzea ahalbidetuko digun txosten honetan".

Bestalde, DSS2016EUren kultur zuzendari Xabier Payak gaineratu du txostena "oso positiboa" dela, eta hala jakinarazi diola Europako Batzordeak berak. "Europar dimentsioa eta hiria eta herritarrak ataletan egindako aurrerapenak azpimarratu ditu dokumentuak eta, oro har, begi bistakoak diren zailtasun batzuk badaude ere, txostenaren ondorio nagusia da bide onetik goazela", azaldu du.