Itxi

kultura

Heriotza

Omar Sharif aktore egiptoarra zendu da

Agentziak | Erredakzioa

‘Jivago doktorea’ eta ‘Lawrence Arabiakoa’ filmetan egindako lanagatik aski ezaguna zen aktorea Kairon hil da, bihotzekoak jota, 83 urte zituela.

00:33

Omar Sharif Egiptoko aktorea hil da gaur, Kairon, Steve Kenis bere ordezkariak jakitera eman duenez. ‘Jivago doktorea’ eta ‘Lawrence Arabiakoa’ filmetan egindako lanagatik aski ezaguna zen. 83 urte zituela zendu da bihotzekoak jota.

Egiptoko hiriburuaren ospitale batean artistaren nahia bete da arratsaldean, Kenisek azaldu duenez, xehetasun gehiago eman gabe. Egiptoko komunikabide batzuek aurreratu dutenez, Sharif Heluan auzoko ospitale baten hil da, hiriaren hego-ekialdean. Hilabete bat eman du ospitalean.

Zahi Hawas arkeologo eta Sharifen lagun minak Al Ahram egunkariari azaldu dionez, aktoreak jateko gogoa galdu zuen.

Alzheimerra

Jateari uko egin ondoren ospitaleratzea erabaki zuten, okerrera egin zuelako; izan ere, aktoreak alzheimerra zuen. Hileta-elizkizuna datorren igandean egitea espero dute.

Alexandrian jaio zen 1932ko apirilaren 10ean eta Londreseko Royal Academy of Dramatic Arten ikasi zuen. Bertan Yusef Chahin Egiptoko zuzendaria ezagutu zuen eta ‘Sera fil Wadi’ (1954) pelikulan paper bat eman zion. Zineman debuta egin zuen film horrekin, eta baita Canneseko Festibalean ere 1955ean.

Zinemagintzaren historia

Peter O’Toolekin batera ‘Lawrence Arabiakoa’ (1962) pelikularekin zinearen historiara pasa zen, eta baita ‘Jivago doktorea’n (1965) protagonista izateagatik ere. Bi filmak David Leanek zuzendu zituen.

Oscar saria irabazteko hautagai izan zen bi aldiz. 1963an, bigarren aktorerik onena ‘Lawrence Arabiako’ pelikulagatik eta hiru urte geroago aktorerik onena ‘Jivago doktorea’ filmagatik. Oscarrik ez zuen irabazi, baina Urrezko Globoa bereganatu zuen Shaibek.

60ko hamarkada garairik onena izan zen aktore gisa, Anthony Mannen ‘Erromatar inperioaren hondamena’ (1964) bezalako lanekin. Faten Hamama Egiptoko aktorearekin (iragan urtarrilean hil zen) ezkonduta egon zen. 1965ean ezkontza hautsi zuen. Tarek semea Hamamarekin izan zuen.