Itxi

kultura

Saria

Joan Mari Torrealdairentzat, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria

Agentziak | Erredakzioa

Idazle eta euskaltzaleak euskaren eta euskal kulturaren alde egin duen lana goretsi du epaimahaiak. Saria emateko ekitaldia 2016ko lehenengo hiruhilekoan egingo da.

  • Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea eta Joan Mari Torrealdai

    Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea eta Joan Mari Torrealdai

Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) soziologo, idazle eta euskaltzaleak jasoko du 2015eko Manuel Lekuona Eusko Ikaskuntzaren saria. Epaimahaiaren hitzetan, urte zailenetatik hasita, lan handia egin du euskara eta euskal kultura sustatzen, eta gizartean "eredugarri" eta "erreferente" bilakatu da.

Ildo berean, idazle bizkaitarraren kultur ekarpenak sariaren filosofiarekin bat egiten duela nabarmendu du: “Manuel Lekuonaren kezka ez zen bakarrik izan euskara eta euskal kultura ikertzea, baizik eta biziaraztea, hau da, gizartean merezi duten lekua ematea, eta horrekin bat egiten du Torrealdaik”.

Irabazlea hautatzeko bi bide erabili dira. Batetik, bozketa prozesua izan da, eta bertan Euskal Komunitate Globalak eta Eusko Ikaskuntzako bazkideek eman dute beren boza. Horiek azken emaitzaren % 40 balio izan dute, eta mila lagun inguruk parte hartu du. Bestetik, Epaimahai Instituzionala osatu da, eta horren iritziak azken emaitzaren % 60 balio izan du. Aurtengo edizioan erakunde hauek osatu dute: Eusko Ikaskuntza, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Ikastegia, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa eta Vianako Printzea Erakundea.

Ibilbide oparoa

Torrealdai "Jakin" eta "Anaitasuna" aldizkarien zuzendari izan da, eta "Euskaldunon Egunkaria"ko kontseilu editorialeko kide, 1990ean sortu zenetik. Saiakera alorrean zein kazetaritzan aritu da. "Iraultzaz" (1973) saiakeraren ondoren, euskarazko idazleei buruzko ikerketa soziologiko bat argitaratu zuen: "Euskal idazleak, gaur".

1993tik aurrera, XX. mendeko euskal liburuen katalogoa prestatu zuen. 1997an, euskarazko kulturaren egoerari buruzko ikerketa soziologiko mardula argitaratu zuen: "Euskal kultura gaur".

1998an, "El libro negro del euskera" argitaratu zuen, euskarak mendeetan zehar jasandako erasoei buruzkoa. Urte hartan bertan, berak idatzitako biografia editatu zen: "Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena". "La censura de Franco y los escritores vascos del 98" idatzi ondoren, Irun Hiria Saria eskuratu zuen saiakera modalitatean, "La censura de Franco y el tema vasco" (1999) obrarekin.

2007an, euskaltzain oso izendatu zuten, eta, 2011n, Jose Antonio Arana Martija (2010eko Manuel Lekuona Saria) ordezkatu zuen aipatutako erakundeko Azkue Liburutegiko arduradun lanetan.

2010ean, Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Saria eman zion, euskara aztertzen eta sustatzen egindako lanagatik.