Itxi

kultura

Buenos Aires

Federico Luppi aktore argentinarra hil da 81 urte zituela

Agentziak | Erredakzioa

Iragan apirilean, aktoreak kolpe bat hartu zuen besoan eta buruan. Kolpeak hematoma sortu zion, eta drainatu behar izan zioten.

Federico Luppi aktore argentinarra 81 urte zituela hil da gaur Buenos Aireseko ospitale batean, Clarin egunkariak jakitera eman duenez. Iragan apirilean agertu zitzaion hematomatik ez da sendatu.

'Tiempo de revancha' (1981), 'El espinazo del diablo' (2001) eta 'El laberinto del fauno' (2006) filmetan parte hartu zuen. Luppi Favaloro Fundazioan zegoen, eta Susana Hornos emazteak atzo azaldu zuenez, “eritasunaren gorabehera normalak zituen”.

Iragan apirilean, aktoreak kolpe bat hartu zuen besoan eta buruan. Kolpeak hematoma sortu zion eta drainatu behar izan zioten.

Alta eta errehabilitazioa

Nahiz eta arazoak izan, atzo medikuen alta jasotzea eta errehabilitazio zentro batera joatea espero zen. Azken hilabeteetan Luppi Argentinako hiriburuko etxean artatu dute medikuek.

Aktorea Ramallon (Buenos Aires) jaio zen, 1935ean. 'Romance de Aniceto y la Francisco' Leonardo Fabioren pelikularekin egin zuen debuta zineman. Azken elkarrizketetan, “desengainaturik, triste, bakarti, samindurik” agertu zen aktorea.

Sei Zilarrezko Kondor sari irabazi zituen aktore argentinarrak, Zinemaldiko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra behin, eta Goya sarietarako birritan izendatu zuten. Luppik Espainian asko lan egin eta ospe handia lortu du.