Itxi

kultura

'Segapoto'rako aplikazioa

Bertsoapp, iPhone eta iPad-erako eskuragai

Hiru egunetan, 127 deskarga izan ditu. Nahiz eta oraindik Android-erako bertsioa ez izan, hiru hilabete barru egotea espero da.

  • 'Bertsoapp'.  Argazkia: abarkatxo.com

    'Bertsoapp'. Argazkia: abarkatxo.com

iPhone, iPad eta iPod Touch-erako bertso aplikazio berri bat sortu dute. 'Bertsoapp' du izena, ETB1eko “Mihiluze” saioko “pottokumeak” probaren antzekoa da, eta bertsozale eta euskaltzaleei zuzenduta dago.

Pantailan, bertso bat agertuko da, baina errimak eta oinak kenduta. Erabiltzaileak dagokion oinak jarri beharko ditu bertsoan ordenaturik. Behin hutsune guztiak bete ondoren, aplikazioak automatikoki zuzenduko du bertsoa: ondo dauden errimak berdez azalduko dira; oker daudenak, aldiz, gorriz.

Aplikazioak 200 bertso baino gehiago ditu, bi multzotan banatuta: 4 puntuko bertsoak eta 8 puntukoak. 'Bertsoapp'-ek hiru egunetan 127 deskarga izan ditu, besteak beste, honako herri hauetan: AEBetan (25), Txinan (23), Espainian (11), Mexikon (9), Saudi Arabian (6), Italian (5), Malaysian (3), Thailandian (3), Indonesian (3) eta Australian (3).

Doakoa da, eta nahiz eta momentuz iPhone, iPad eta iPod Touch-erako izan, 3 hilabete barru (gutxi gorabehera) Android-erako bertsio bat izatea ere espero da.