Itxi

kultura

Golardoa

Jon Fosse, 2023ko Literatura Nobel sariduna

EITB Media

Idazle norvegiarraren prosa eta antzezlan "berritzaileak" nabarmendu ditu Suediako Akademiak. Fossen lanak 40 hizkuntzatara daude itzuliak, baina oraingoz, ez dute bakar bat ere euskaratu.

  • Akademiak sarean zabaldu duen Fossen erretratua.

    Akademiak sarean zabaldu duen Fossen erretratua. Argazkia: Efe

Jon Fosse idazle norvegiarra da 2023ko Literatura Nobel sariduna, Suediako Akademiak gaur eguerdian iragarri duenez. Epaimahaiak haren "antzezlan berritzaileak eta esan ezin denari ahotsa ematen dion prosa" nabarmendu ditu. 

Akademiaren arabera, "Fossen minimalismoa" bezala ezagutu den estiloa garatu du idazleak. Fossek 1983an idatzi zuen bere lehen liburua, baina "Steng gitar" (1985) bigarrenean suma daiteke bereziki. Epaimahaiaren hitzetan, Franz Kafkaren munduaren antzeko bat aurkezten du norvegiarrak, baina egunerokoak diren egoerak oinarri hartuta. Era berean, Samuel Becketen absurdoaren antzerkiarekin eta George Trakl alemaniarraren poesiarekin antzekotasunak igarri ditu Akademiak. 

64 urteko idazlea emankorra da oso. 40 urteko ibilbidean, eleberriak, saiakerak, 20 bat antzezlan, poema liburu eta haurrentzako bilduma bat idatzi ditu. Norvegieraz aritzen da, baina ofizialak diren bi aldaeren artean hain zabaldua ez dagoen horretan (biztanleriaren % 10k baino ez du erabiltzen). Fosseren arabera, hizkuntza horri eta horren zabalkunde mugimenduari egindako aitortza ere bada saria. Oraingoz, ez dago euskarara ekarritako Fossen lanik. 

Sariduna dela jakin berritan aitortu duenez, "gainezka, beldurtuta nolabait" dago golardoarekin.