Itxi

kultura

Pintura

Obra Gonbidatua programaren 69. edizioa aurkeztu dute Bilbon, Picassoren azken garaiko margolanetan ardaztua

EITB MEDIA

Picassoren Urtea den honetan —margolariaren heriotzaren 50. urteurrena—, Santander Fundazioak eta Bilboko Arte Ederren Museoak Obra Gonbidatua programa beteranoaren edizio berri bat (69) aurkeztu dute; jenioaren azken etapa emankorrean eta haren ikonografia berezian jarri dute arreta.

  • Obra Gonbidatua programaren 69. edizioa aurkeztu dute Bilbon

    Obra Gonbidatua programaren 69. edizioa aurkeztu dute Bilbon

1966 eta 1972 bitartean, Frantziako Mougins herrian zeukan etxean 92 urterekin hil baino urtebete lehenago, Pablo Picassok kemen miresgarria erakutsi zuen, eta hari esker, besteak beste, sail luze bat osatu zuen XVII. mendetik XX. mendera eramandako mosketariaren irudi mitikoarekin. 450 margolan eta marrazkitan irudikatu zuen Alejandro Dumasen Les trois mousquetaires (1844) eleberri ospetsuak ezagutzera emandako pertsonaia. Picassok, bere logikari jarraituz, interpretazio ugariren bitartez deseraiki eta berreraiki zuen irudi hura.

Margolana

Picassoren Urtea den honetan —margolariaren heriotzaren 50. urteurrenaSantander Fundazioak eta Bilboko Arte Ederren Museoak Obra Gonbidatua programa beteranoaren edizio berri bat (69) aurkeztu dute, jenioaren azken etapa emankorrean eta haren ikonografia berezian arreta jarrita. Arte-historiagile askoren ustez, aurreiritzirik gabe eta erabateko askatasunez egindako bere alter egoa erakusten du sailak.

Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak bat egin du ekimenarekin, Mousquetaire a la pipe (1968) lanarekin. Lan hori da, hain zuzen, Euskadiko bilduma publikoetan dagoen Picassoren margolan bakarra. Haren ohorez, lan horren alboan egongo da programaren babesle den Banco Santander bildumako Gizon baten bustoa III (1967) lana.

Margolana

Mousquetaire a la pipe lanean, busto formatu intimistaren ordez, soldaduaren gorputz osoko irudia hautatu zuen Picassok: irudian pipa erretzen ari da, kea dario, eta besaulki batean dago eserita, hankak gurutzatuta dituela. Banco Santanderren bildumako margolanean, klasikotasun eutsiaz azaltzen du Picassok bere lana; Artium Museoko mihise handian, berriz, efektu manieristen multzo frenetikoa baliatzen du, eta okre kolore fin batez indarberritzen du kolore paleta.