Itxi

Zinemaldia

60. edizioa

Ewan MacGregor, Donostia saria jasotzen duen artistarik gazteena

Erredakzioa

41 urteko aktore eskoziarrak irailaren 27an jasoko du Zinemaldiko Donostia Saria, 60. edizioan.

  • Ewan McGregor aktoreak jasoko du Donostia Saria 2012ko Zinemaldian

    Ewan McGregor. EFE

Irailaren 27tik aurrera, Ewan MacGregor izango da Zinemaldiko Donostia saridun gazteena. Donostia Zinemaldiaren 60. edizioak aktoreari emango dio Donostia sarietako bat, bere ibilbide osoaren aipamen gisa.

''Askoren ustez bere belaunaldiko aktore onenetakoa da McGregor eta, zalantzarik gabe, publikoaren onespena irabazi du bere lanekin, jorratu dituen genero, estilo eta arlo guztietan'', azaldu du ohar baten bidez Donostiako Zinemaldiak.

Trainspotting, Star Wars, Moulin Rouge...

Eskoziako Perth hirian jaio zen Ewan McGregor, 1971ko martxoan. Bere ibilbide osoan zehar paper ausartak eta indarrez beteriko pertsonaiak aukeratzeagatik nabarmendu da: ospea eman zion Irvine Welsh zuzendariaren Trainspotting filmeko Mark Renton heroinazaletik hasita, Star Wars saga ezaguneko Obi-Wan Kenobi ospetsura, edo Nicole Kidmanekin Moulin Rouge musikalean eginiko lanera.

Hona hemen egin dituen film nagusienetako batzuk: Roman Polanski zuzendariaren The Ghost Writer, Pierce Brosnan aktorearekin batera; Ron Howard zuzendariaren Angels and Demons, Tom Hanksekin batera; Jim Carrey aktorea protagonistakide zuen I Love You Phillip Morris komedia; Michelle Williams eta Hugh Jackman aktoreekin filmatutako Deception; Woody Allenen Cassandra’s Dream; Hilary Swank eta Richard Gere ezagunekin egindako Amelia; Michael Bay zuzendariaren The Island, Scarlett Johanssonekin batera; Tim Burtonen Big Fish (Albert Finneyrekin, Jessica Langekin eta Danny DeVitorekin egin zuen lan bertan); Young Adam filma, Peter Mullan eta Tilda Swinton aktoreekin; Ridley Scott zuzendariaren Black Hawk Down; Michael Caine aktorearekin batera egindako Little Voice, eta glam rock mugimenduari buruzko Todd Haynes zuzendariaren Velvet Goldmine.