Itxi

kultura

IKERKETA

EAEko aktoreen eta ikus-entzunezko artisten % 18k bakarrik irabazten ditu urtean 18.000 euro baino gehiago

EITB MEDIA

AISGE Fundazioaren azken txosten soziolaboralak utzi duen beste datuetako bat da sektoreko artisten artean langabezia tasa altuagoa dela gizonena (% 38), emakumeena baino (% 19).

EAEko aktoreen eta ikus-entzunezko artisten % 18k bakarrik irabazten ditu urtean 18.000 euro baino gehiago, eta % 69 pobrezian bizi da. Bizirauteko, erdiek baino gehiagok eremu artistikotik kanpoko lanbideren batean jarduten dute. Nolanahi ere, adierazleok Estatu espainiarreko batez bestekoak baino hobeak dira.

AISGE Fundazioaren 5. Ikerketa Soziolaboralak utzi dituen datuak dira. Aktoreen, bikoizleen, dantzarien eta eszena-zuzendarien jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzen dituen erakunde espainiarra da AISGE, eta bere azken txostena egiteko 3.000 artista (dituen bazkideen % 40) elkarrizketatu ditu, horietatik 250 EAEkoak.

Galdeketan parte hartu zuten artista arabarren, bizkaitarren eta gipuzkoarren ia erdiek (% 48k) urtean 6.000 euro baino gutxiago irabazi zituzten lan-artistikoak eginez, eta % 35ek 3.000 baino gutxiago.

Langabeziaren lotutakoa da beste datu deigarrietako bat: Euskadin artisten artean langabezia tasa altuagoa dela gizonena (% 38), emakumeena baino (% 19). Emakumeen urteko batez besteko diru-sarrera 10.390 eurokoa da, eta gizonena, 9.490 eurokoa.

Ikerketaren arabera, artisten artean langabezia tasa  % 13koa da. Datu hori ulertzeko, halere, kontuan hartu behar da artisten erdiek baino gehiagok beste sektore bateko ogibide batekin osatzen dutela bere urteko soldata.