Itxi

Oscarrak 2024

2015eko Oscar sariak

Dena prest Los Angelesen zinemaren jaialdi handia hartzeko

Erredakzioa

Kinielak azken apostuak ari dira egiten, sari nagusiak nork irabaziko dituen asmatu nahian. Boyhood eta Birdman dira faboritoak dira, izendapen gehien eskuratu baitituzte.

1:45

2015eko Oscar sarien emanaldia abiatzeko azken ukituak ematen ari zaizkio Los Angeleseko Dolby Antzokiari, AEBn. Hollywoodeko zinemarik onena sarituko dute goizalde partean (Euskal Herriko orduan), eta urre koloreko irudi desiratuaren jabeak nortzuk diren jakingo dugu 02:30etatik aurrera.

Preparativos oscarsNeil Patrick Harris 41 urteko aktorea izango da aurtengo gidaria. Eskarmentu handiko aurkezlea da; izan ere, Tony eta Emmy sarien ekitaldiak ere gidatu izan ditu. Aurten, aurrenekoz estrainatuko da Oscar sarietan, eta Ellen DeGeneres aurkezleak iaz lortutako audientzia-datu izugarriak gainditzeko ardura izango du (AEBn, 43 milioi pertsonak jarraitu zuten emanaldia).

How I met your mother telesailari esker ospe handia lortu du Harrisek. Aurten ez du izendapenik lortu, baina David Fincherren Gone Girl pelikulan agertzen da. Gaurko hitzorduaren harira, Harrisek esan duenez,"urduri dago", baina inoiz izan den agertoki handienean arituko dela iragarri du.

Harris aktorearekin batera, beste hainbat lagun izango dira sariak banatzen, tartean, Ben Affleck, Jennifer Aniston, Chris Evans, Scarlett Johansson, Jared Leto, Nicole Kidman, Shirley MacLaine, Matthew McConaughey, John Travolta, Oprah Winfrey edota Dakota Johnson. Iazko ezustekoak Michelle Obamak eman zuen, pelikula onenaren sariaren irabazlea emateko agertu baitzen bat-batean emanaldian.

Pelikula eta aktore onenen sariak

Adituen eta zaleek asteak daramate kinielak egiten. Pelikula onenaren atalari dagokionez, honako hauek dira lehian izango direnak: Richard Linklaterren Boyhood, Alejando Gonzalez Iñarrituk zuzendutako Birdman, Wes Andersonek zuzendutako The Grand Hotel Budapest, Clint Eastwooden American Sniper, The imitation game, Selma, The theory of everything eta Whiplash.

Aktore onenen atalari dagokionez, Eddie Redmayne (The theory of everything) eta Julianne Moore (Still Alice) dira gizonezko eta emakumezko aktore onenen Oscar sariak irabazteko faboritoak, adituen eta apustu-etxeen arabera. Gainera, saria jasotzera igo daitezkeen izarren artean, Emma Stone, Meryl Streep, Bradley Cooper edota Ethan Hawke daude, besteak beste.

Oro har, bi dira sari gehien etxera eramateko aukera duten filmak: Birdman eta The Grand Budapest Hotel pelikulek bederatzi izendapen dituzte, tartean, pelikula onena, zuzendari onena eta gidoi onena. Gainera, The Imitation Game filma ere saridunen artean egon liteke, zortzi aipamen lortu ondoren. Boyhood eta American Sniper, sei izendapenekin, faboritoen zerrendan daude ere, AEBko enkante etxe garrantzitsuenek jakitera eman dutenez.

lady gaga. argazkia: instagram lady gagaMusika ere protagonista

Zinema-izarraz gain, musika arloko artista handiak izango dira emanaldian, gaueko giroa berotzen. Hori dela eta, Lady Gaga eta Adam Levine (Maroon 5 taldeko abeslaria) izango dira bertan. Gagak sei Grammy Sari ditu etxean, eta aurtengo emanaldian ?omenaldi berezi bat? egingo duela aurreratu du. Taula gainera igoko dira ere Jack Black, Common, Jennifer Hudson, Anna Kendrick, John Legend, Tim McGraw, Rita Ora eta Tegan & Sara.

Zuzenean eitb.eus-en

Eitb.eus atariak zuzenean eskainiko ditu emanaldiaren nondik norakoak: jarraipen berezia 00:30ak aldera hasiko da (Euskal Herriko orduan), alfonbra gorriaren xehetasun guztiak eskaintzeko, goizaldeko 06:00ak aldera arte, ordu horretan ezagutzera emango baitute pelikula onenaren izena.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Oscar Sariak