Itxi

Zinema

Adierazpenak

'Prison Break'eko protagonistak ezetz esan dio Errusiako jaialdi bati

Wentworth Millerrek homosexuala dela adierazi du San Petersburgoko zinemaldiari zuzendutako eskutitz batean. Ez da bertara joango, Errusian homosexualek jasotzen duten jazarpena dela eta.

  • Wentworth Miller, Michael Scofield bezala, 'Prison Break'en

    Wentworth Miller, Michael Scofield bezala, 'Prison Break'en

Wentworth Miller aktore eta gidoilari britainiarrak homosexuala dela aitortu du San Petersburgoko zinemaldiari zuzendutako eskutitz batean. Jaialdian parte hartzeari uko egin dio, homosexualek Errusian jasotzen duten jazarpena dela eta.

41 urteko aktorearen gutuna GLAAD gay, lesbiana eta transexualen eskubideen alde lan egiten duen elkartearen webgunean ikus daiteke. Michael Scofield iheslariaren paperak egin zuen ospetsu, "Prison Break" telesailaren lau denboraldietan. Errusiako hiri horretako nazioarteko zinema jaialdiaren zuzendariak (Maria Averbakh) "ohorezko gonbidatu" izateko gonbita egin zion.

"Homosexuala naiz, eta ezin dut onartu", adierazi du Millerrek. Errusiar jatorria duela, eta "baiezkoa emateak oso pozik" jarriko lukeela gaineratu du. "Errusiako Gobernuak homosexualekin duen jarreraz oso arduratuta nago. Egoera onartezina da", azaldu du artistak. Gainera, "kontzientzia onez" ari dela nabarmendu du.

"Herrialde horrek ez die ni bezalakoei nahi duten bezala bizitzen eta maitatzen uzten", esan du. Halere, etorkizunerako atea irekita utzi du, "egoera hobetzen bada". GLAAD elkarteko bozeramailearen ustez, aktorearen hitzak Errusiako gay eta lesbianen aldeko "mezu indartsua" dira, egunero "muturreko bortizkeria eta jazarpena" jasotzen baitute.