Itxi

Zinema

Zinema

Julio Medemek Penelope Cruzekin lan egingo du bere hurrengo lanean

Erredakzioa

Donostiar zuzendariak Asier Etxeandia eta Luis Tosar aktoreak eta Alberto Iglesias musikaria izango ditu ondoan "ma ma" lana egiteko. Zuzendaritzaren eta gidoiaren ardura izango du Medemek.

  • Julio Medem zuzendaria

    Julio Medem zuzendaria

Julio Medem zuzendariak "ma ma" pelikularen gidoia idatzi du, eta udaberrian filmatuko dute, alboan, Magda izeneko protagonistarena egiteko, Penelope Cruz duela. Oscardun aktorearekin batera, Asier Etxeandia bilbotarra eta Luis Tosar izango dira, eta musikaz Alberto Iglesias arduratuko da, Oscar sarietarako hiru aldiz izendatu duten musikari donostiarra.

Aurrekoizpen lanetan ari dira orain, eta udaberrian filmatuko dute, gaztelaniaz. Ekoizleak, Morena Films enpresarekin lankidetzan, Penelope Cruz eta Julio Medem berak izango dira.

Ekoizle exekutiboa Alvaro Longoria izango da. Javier Bardem Penelope Cruzen senarrarekin lan egin du Longoriak, "Hijos de las nubes" dokumentalean, eta Carlos eta Javier Bardem anaien arteko azken elkarlana ere ekoitzi du: "Alacran enamorado".

Lehenengo aldiz lan egingo dute elkarrekin "Lucia y el sexo" filmaren zuzendariak eta "Volver" filmeko protagonistak.

"ma ma" (letra txikiz) pelikulan, Magdaren istorioa kontatzen dute, "tragediaren aurrean barruan duen bizi osoa, imajinagarria eta imajinaezina, ateraz erantzuten duen emakumearena. Berak eta ingurukoek umorezko gertakari ezustekoak eta pozaldi hauskorrak biziko dituzte".

"Habitación en Roma" Elena Anaya eta Natasha Yarovenko aktoreekin egindako pelikularen ostean, lehenengo lana du euskal zuzendariak "ma ma". Sariak ugari jaso zituen 2010eko lan horrek.

Penelope Cruzek askotan esan du "Behiak", "Lurra" eta "Katagorria" filmen egilea miretsi egiten duela, baina orain arte ezin izan dute elkarrekin lan egin. "Gidoia zoragarria da", esan du madrildar aktoreak.