Itxi

Zinema

Donostia 2016

Zinemagileen hiru belaunaldi, Donostia pantailara eramateko

N.V. | eitb.eus

Hamabi zinemagilek, profesionalek eta hasiberrik, Donostiaren erretratua egingo dute, 2016ko Zinemaldian estreinatuko den film batean biltzeko. Horien artean, Medem, Cobeaga eta Imanol Uribe.

  • Julio Medemek parte hartuko du. besteak beste, proiektuan

    Julio Medemek parte hartuko du. besteak beste, proiektuan

Hamabi zinemagileren begiradaren bitartez, Donostiaren erretratu bat egitea da Kalebegiak Donostia 2016ren ekimenaren helburu. Zinemagile ospetsuek, ibilbide handiko profesionalek eta hasiberriek parte hartuko dute 2016ko Zinemaldian estreinatuko den lanean.

Hain zuzen ere, Julio Medem, Daniel Calparsoro, Imanol Uribe, Gracia Querejeta, Luiso Berdejo, Borja Cobeaga, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Asier Altuna, Telmo Esnal, Koldo Almandoz eta hiru zinemagile hasiberri izango dira Donostia ardatz izango duen filmaren egileak.

Argazkigintza eta musikaren esparruko langile ospetsuak proiektura biltzea ere badute helburu, eta, besteak beste, Javier Aguirresarobek eta Alberto Iglesiasek baiezkoa eman dute dagoeneko.

Horrez gain, Kalebegiak proiektu zabala izango da, gainera, Musikenek soinu bandaren konposizioan parte hartuko du eta EHUko Itzulpengintza eta Interpretazio Fakultateko ikasleek azpitituluak egingo dituzte, eleaniztasuna ziurtatzeko.

Proiektuaren eragileak Michel Gaztambide, Jorge Gil, Donostia Kultura eta Larrotxene Kultur Etxea izango dira.

Hiru zinemagile hasiberri hautatzeko deialdia

Zinemagile ezagunekin batera, hiru hasiberrik ere hartuko dute parte Kalebegiak proiektuan, eta horiek aukeratzeko deialdia zabalduko dute. Interesdunek gidoia bidali beharko dute, maiatzaren 8a baino lehen.

Gidoiek hiria istorioen antzeztoki edo iturri gisa aurkeztu behar dute, kulturaren balioa azpimarratu behar dute eta kulturak bizikidetzarako duen garrantzia islatu behar dute. Film laburrek, gehienez, hamar minutu iraungo dute.