Itxi

Zinema

Estreinua, azaroaren 19an

Zazpi film labur, Bilbo munduari erakusteko

Erredakzioa

Pedro Olea, Javier Rebollo, Enrique Urbizu, Mikel Rueda, Luis Marías, Imanol Uribe eta Sra. Polaroiska zinemagileek zazpi film labur grabatuko dituzte, Zinebi jaialdiaren ekimenez.

  • Luis Marias joan den asteburuan hasi zen bere film laburra filmatzen

    Luis Marias joan den asteburuan hasi zen bere film laburra filmatzen

Bilbo hiriko oso txoko berezkoak zazpi zinemagile bilbotarrek –“bertan jaiotakoak edo gerora bilbotartuak izan”– beste horrenbeste film labur grabatzeko agertoki izango dira datorren asteetan. Pedro Oleak, Javier Rebollok, Enrique Urbizuk, Mikel Ruedak, Luis Maríasek, Imanol Uribek eta Sra. Polaroiska taldeak (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe) film labur bana filmatuko dute, “Bilbao-Bizkaia. Exterior–Día” film komunerako.

Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdiak eta Bilbao-Bizkaia Film Comissionek sustatu dute proiektua “film laburrei balioa aitortzeko eta hiria eta bertako gune publikoak ikus-entzunezko produktuak errodatzeko leku egoki gisa erakusteko".

Filma Campos Antzokian estreinatuko dute, azaroaren 19an, Zinebiren 57. edizioaren barruan. Zazpi zinemagilek, beteranoagoak batzuk eta gazteagoak besteak, denboran zehar askotan filmatu den eta orain goitik behera eraldatuta dagoen hiriarekin duten erlazioaren begirada pertsonala emango dute.

Filmatze lanak

Datorren asteburuan, Bilboko kaleak "El amigo imaginario" Javier Rebollok zuzenduko duen lanaren agertoki izango dira, eta, istorio horren bitartez, hiriaren erdialde berrietako baten inguruak ezagutu ahal izango dira: Euskadi plaza, Elkano edo Maximo Agirre kaleak eta Arte Ederren Museoa.

Izan ere, "oso desberdinak diren generoko klabeak, fikziozko erregistroak eta baliabide estilistikoak erabiliz", talde egitasmo honek itsasadarra, Ibaieder parkea, Zazpikaleak eta Bilbo Zaharra edo Uribitarte pasealekua beste modu batera ikusteko aukera emango du

Zazpi pelikulak osatzeko lanak datozen asteetan egingo dira, eta irailean amaitu. Besteak beste, Pedro Olea fantasiazko generoarekin ausartuko da, zonbiei buruzko film laburrarekin; "Zombi Eguna" lanean, Sabino Arana, Juan Crisostomo Arriaga edo Miguel Unamuno hilobietatik altxatuko ditu. Enrique Urbizuri dagokionez, Casilda Iturrizar parkeko urmael idilikoa hilketa latz baten agertoki bilakatuko du "Los fantasmas del parque" lanean.

Egitasmoa osatzen duten lanak Mikel Ruedaren "Caimán", Luis Mariasen "Amatxu maitea" -joan den asteburuan filmatu zuen, Abusuko parkean-, Imanol Uriberen "La confesión" eta Sra. Polaroiska taldearen "Los ocho pecados capitales" dira.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinebi
  • Bilbo