Itxi

Zinema

Otsailak 8-14

Punto de Vista jaialdiak 1.378 pelikula jaso ditu

Agentziak | Erredakzioa

Hamargarren edizioan, otsailaren 8tik 14ra, zinema dokumentaleko Iruñeko jaialdiak denboraren kontzeptuari eskainiko dio atzerabegirakoa.

86 herrialdetako zinemagileek 1.378 pelikula aurkeztu dituzte Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian parte hartzeko. 2016ko otsailaren 8tik 14ra egingo dute aurten zinemaldia, Baluarten, iaztik urteroko hitzorduaren formatua finkatuta.

Hamargarren urteurrena beteko duen edizioan, denboraren kontzeptuari eskainiko dio jaialdiak atzerabegirako tematikoa, Jean-Daniel Pollet frantziar zuzendariaren filmari buruzko zikloa egingo dute eta “La región centrale” Michael Snow kanadarraren film mitikoa proiektatuko dute. Snow Iruñean egongo da, gainera.

86 herrialdetatik bidali dituzte filmak Iruñeko jaialdian parte hartzeko: Espainiako Estatua (180), Frantziako Estatua (123), AEB (81), Argentina (61), Alemania (58), Mexiko (43), Italia (40), Brasil (39), Polonia (37) eta Belgika.

Gainera, beste herrialde batzuetatik ere heldu dira lanak, hala nola Kuba, Venezuela, Filipinak, Jordania, Palestina, India, Bangladesh, Iran, Burkina Faso, Mozambike eta Madagaskar. Gainera, herrialde ezberdinen arteko 220  koprodukzio jaso dituzte, iaz baino 28 gehiago.

Aurten, bestalde, Latinoamerikako herrialdeetako lan gehiago jaso dituzte, eta afrikar ekoizpena ere hazi egin dela esan dute antolatzaileek.

Gainera, jaialdiaren harmargarren urteurrena dela eta, atzerabegirako tematikoa denborari eskainiko diote.