Itxi

Zinema

Zinemaldia

Coendarren berrienak irekiko du Berlinale, euskal zinema bertan dela

Agentziak | Erredakzioa

Basque Audiovisual ikus-entzunezkoen EAEko sektorea ordezkatzen duen markak bertan parte hartuko du, 32 proiektuko katalogoa erakutsita.

  • Dena prest dago Berlinale abiatzeko. Argazkia: Efe.

    Dena prest dago Berlinale abiatzeko. Argazkia: Efe.

66. Berlinale jaialdia “Hail, Caesar” Joel eta Ethan Coen anaien lanak abiatuko du gaur. Oraingoan, betiko umore beltzaz, Hollywoodi begiratu diote zinemagileek, eta George Clooney bertako protagonistaren eskutik hasiko da Alemaniako hiriburuan izarren harat-honata ere, alfonbra gorrian zehar.

Gainera, aurpegi ezagunei dagokienez, Meryl Streep epaimahaiburuak eta Clive Owen epaimahaiko kideak ere bereganatuko dute kamerarien arreta. “Hail, Caesar” lehiaketatik at proiektatuko dute, eta Urrezko Hartza irabazteko 18 hautagaiak ikusi ahalko dira ondorengo egunetan.

Lehia horretan, besteak beste, André Téchiné frantziarraren, Thomas Vinterberg danimarkarraren, Danis Tanovic serbiarraren eta Rafi Pitts irandarraren filmak egongo dira.

Gainera, “Alone in Berlin”ek Emma Thompson aktorea atzera eramango du Berlinera, hainbat urtez joan gabe egon eta gero, eta Isabelle Huppert ere izango da bertan, “L’avenir” aurkezteko.

Hurrengo izar talde handia “Genius” Michael Grandageren kariaz helduko da Berlinalera; izan ere, Colin Frith, Jude Law, Nicole Kidman eta Laura Linney biltzen ditu lan horrek.

Bestalde, dokumentalaren eta fikzioaren artean kokatuta munduaren egungo egoerari begiratzen dioten bi film izango dira: “Fuocoammare” italiarrak etorkizun hobe baten bila Lampedusa uhartera heltzen diren pertsonen istorioak kontatzen ditu, eta “Zero Day” estatubatuarrak gerra zibernetiko baten mehatxuaz dihardu.

Berlinaleren ardatz, Dieter Kosslick zuzendariak azaldu duenez, migrazioak eta “zoriontsu izateko eskubidea” izango dira.

“Hail, Caesar”ez gain, sail ofizialak beste hainbat pelikula emango ditu lehiaketatik kanpo, hala nola “Chi Raq” Spike Leerena eta “Saint Amour”, Gerard Depardieu protagonista duen lana.

Halaber, Michael Moorek “Where to Invade Next” dokumentalaren Europako estreinaldia egingo du, eta Don Cheadlek Miles Davisi buruz eginiko lana ikusi ahalko da.

Ohorezko Hartza Michael Ballhausi emango dio, 66. edizio honetan, Berlingo zinemaldiak, eta David Bowie, Ettore Scola eta Alan Rickman gogoratuko ditu.

Guztira, hamar egunean, 430 film ikusi ahalko dira.

Euskal zinema

Basque Audiovisual, EAEko ikus-entzunezko sektorearen marka, Berlingo Nazioarteko Zinemaldian izango da, Eusko Jaurlaritzaren eta Zineuskadiren eskutik.

Gaur hasi eta otsailaren 20ra bitartean, ikus-entzunezko 32 euskal proiektuk osatzen duten katalogo zabala aurkeztu eta ezagutaraziko dute. 22 ekoiztetxeren lanak dira, dokumentalak edo fikziozko film luzeak gehienbat, oso fase ezberdinetan daudenak: amaiturik batzuk, garapen fasean, produkzioan edo postprodukzioan.

Gainera, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Film Commission-ekin elkarlanean, Euskal Autonomia Erkidegoan zinemarako grabazioak egiteko dauden lokalizazioen berri ere emango dute Berlinalen.

Azkenik, Glocal Cinema: big stories, small countries manifestua sinatu zuten 15 herrialde eta eskualdeetako institutu zinematografikoen gainerako ordezkariekin bilduko da Jaurlaritzaren ordezkaritza.