Itxi

Zinema

Arazoaren 10ean

Alberto Iglesias konpositoreak Zinebiren Ohorezko Mikeldia jasoko du

Agentziak | Erredakzioa

Dokumentalen eta film laburren Bilboko jaialdiaren 59. edizioa azaroaren 10etik 17ra ospatuko dute, eta inaugurazio ekitaldian emango diote saria Iglesiasi, Arriaga antzokian.

  • Azaroaren 10ean jasoko du saria Iglesiasek, Arriagan

    Azaroaren 10ean jasoko du saria Iglesiasek, Arriagan

Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdiak Alberto Iglesias konpositore donostiarrari emango dio 59. edizioko Ohorezko Mikeldia. "Mugitzen ari diren irudien esanahi dramatikoa indartzeko duen talentuaren bitartez, bere sorkuntzarako erabateko askatasuna eta bere partituren intentsitate emozionala gaur egungo zinema zuzendari handienetako batzuen esku jartzeko gai izan den musikariaren lan osoa" aintzatetsi nahi du jaialdiak, arduradunek astearte honetan jakinarazi dutenez.

Alberto Iglesias (Donostia, 1955) zinemako musikaren konpositore handienetakoa da egun. Piano, konposizio, kontrapuntu eta musika elektronikoko ikasketak barne hartzen dituen musika prestakuntza bikaina du, eta "Paisaje" eta "Ikusmena" Montxo Armendarizek 1980an zuzendutako film laburrei musika jarriz hasi zuen bere ibilbidea. Handik gutxira, lehenengo film luzerako musika egin zuen: "Mikelen heriotza" (Imanol Uribe, 1984).

1990eko hamarkadaren hasieratik, Alberto Iglesias Espainiako Estatuko zuzendari garrantzitsuenekin lanean hasi zen: Ricardo Franco ("El sueño de Tánger", 1991), Carlos Saura ("¡Dispara!", 1993), Pedro Almodovar ("La flor de mi secreto", 1995), Bigas Luna ("La camarera del Titanic", 1997), Iciar Bollain ("Te doy mis ojos", 2003) eta Isabel Coixet (“Spain in a Day”, 2016). Julio Medem donostiarrarekin ere lan egin zuen orduan ("Vacas", 1992).

Gerora, lan askoz gehiago egin ditu Medementzat (bost) eta Almodovarrentzat (hamar).

Nazioarte mailan ere, zinemagile handiekin lan egin du Iglesiasek: Oliver Stone ("Comandante", 2003), Fernando Meirelles ("The constant gardener", 2005), Marc Foster ("The Kite Runner", 2007), Steven Soderbergh ("Che: Guerrilla", 2008), Hossein Amini ("The Two Faces Of January", 2014) eta Ridley Scott ("Exodus: Gods and Kings", 2014).

Guztira, hamar Goya saria irabazi ditu donostiarrak, eta Oscar (hiru aldiz), Bafta eta Urrezko Globoak sarietarako hautagai izan da.