Itxi

Zinema

Zinebi

Zineak hamaika formatan hartuko du Bilbo, astebetez

Mikel Dominguez | EITB Media

Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, gaur gauean hasiko da Arriagan. Lehian dauden euskal film laburrak eskainiko dituzte, eta Felix Linaresi Ohorezko Mikeldia emango diote.

  • Zinebiren kartela.

    Zinebiren kartela.

65. Zinebi gaur gauean hasiko da Bilboko Arriaga antzokian, nazioarteko jaialdiari izena ematen dioten film laburretatik eta zinema dokumentaletik haratago, formatu eta estilo guztietako zinemaren asteari atea zabaltzeko.

Aurten ere, Sail Ofizialean lehiatuko diren zazpi euskal film laburrak izango dira proiektatzen lehendabizikoak. La Dramática Errantek (Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya) zuzendutako inaugurazio ekitaldian emango dituzte, 19:30etik aurrera.

Isabel Herguera (La mujer ilustrada filmarekin), Laida Lertxundi eta Ren Ebel (In a Nearby Field pelikularekin) eta David Perez Sañudo (Agrio laburrarekin) ohiko izenei, Eneko Sagardoyk zuzendu duen lehen lana ere ikusgai egongo da: Nerea Ibarzabal bertsolariarekin batera idatzitako Betiko gaua. Memories of an Empty House (Bruno Carnide), Todo lo cubre la sal (Joana Moya) eta Ximinoa (Itziar Leemans) filmek osatuko dute lehiaketan parte hartuko duten euskal film laburren zerrenda.

Laburren Sail Ofizialean Catarina Vasconcelos, La metamorfosis de los pájaros lirikoaren zuzendaria; Neus Ballus; eta Lukas Marxt Bilboko zinemaldiaren 2020ko Sari Nagusiaren irabazlea ere lehiatuko dira.

Lehiaketa ofizialean, film luzeentzako tartea ere badago, dokumentalak zein fikziozkoak. Zuzendarien opera primak ZIFF-Zinebi First Film sailean ikusi ahalko dira. Horren barruan, Tamara Garcia Iglesias gipuzkoarrak, ekoizle gisa eta formatu laburragoan izandako esperientziaren ondoren, bihar aurkeztuko du bere lehen film luzea: Zarata.

Inaugurazio ekitaldian, gainera, Zinebik ohorezko saria emango dio Felix Linares EITBko zinema eta kultur kritikariari. Radio Euskadiko beterano eta ETBko "La noche de..." saioko aurkezleak 2023ko Ohorezko Mikeldi saria jasoko du.

Jaialdiak Frederick Wiseman dokumentalgilearen ibilbidea ere aitortuko du; "bizirik dagoen dokumentalgilerik garrantzitsuena" da, jaialdiaren hitzetan. Bere azken filma proiektatuko da, Menus plaisirs – Les Troisgros, baina, zoritxarrez, 93 urteko zuzendari estatubatuarra ospitalean dago, bere osasun egoerak bat-batean okerrera egin duelako, eta bertan behera utzi du Bilborako bisita. Zipporah Films produktoreak Zinebiri adierazi dionez, zuzendariak "Bilbora joan nahi zuen", eta orain arte normaltasunez parte hartu du publikoarekin eta komunikabideekin izandako topaketetan, bere azken dokumentala bere herrialdean estreinatu ondoren.

Hirugarren Mikeldia Rita Azevedo Gomes portugaldarrarentzat izango da. Datorren ostiralean, azaroak 17, itzuliko da Bilbora Azevedo.

Beti bezala, Zinebik denboraldiko dokumental onenen aukeraketa bat ekarriko du Beautiful Docs sailera. Nabarmentzekoak dira Berlinaleko Urrezko Hartzaren irabazlea, Nicolas Philiberten Sur l 'Adamant, Virginia Garcia del Pino ausartaren La estafa del amor eta Claire Simon zinemagilearen Notre corps.

Bilboko jaialdiak tokiko ekoizpenaren erakusleiho izaten jarraituko du Bertoko Begiradak sailean; ia 30 euskal film eskainiko ditu. Horietako batzuk, hala nola Contadores (Irati Gorostidi) edo Arnasa betean, emakume zinegileak (Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia), Zinemaldian ikusi ahal izan ziren. Si todavía te kedan dientes es ke no estuvo ahí (Jose Alberto Andres Lacasta), beste hiri batzuetan aretoak betetzen ari den bitartean, Bilbora bere protagonista Manolo Kabezabolo punk musikari aragoiar ikonikoarekin batera helduko da.

Saio berezien artean, nabarmentzekoa da Zinebiri amaiera bikaina emango diona: azaroaren 18an, larunbata, J Los Planetas taldeko musikariak Ivan Zulueta donostiarraren lanak musikatuko ditu, zuzenean, Arriagan. Aurretik, zuzeneko musika gehiago izango da: Zabalak My Mexican Bretzel filma musikatuko du. Gainera, Black Bach Artsakh filma emango dute, Bulegoa z/b-ren eskutik, Azerbaijanen azken inbasioaren ondorioz desegin berri den Nagorno-Karabajeko Errepublikari buruzkoa.