Itxi

Zinema

Maiatzak 3-11

30. urtebetetzerako prest da Fant jaialdia

N. V. | EITB Media

Pedro Olea eta Lamberto Bava zuzendariak, Javier Bonet aktorea eta Ivan Miñambres bilbotar ekoizlea sarituko ditu Bilboko Zinemaldi Fantastikoak bere hogeita hamargarren edizioan.

  • "Moscas" Aritz Morenoren film luzea Sail Ofizialean lehiatuko da

    "Moscas" Aritz Morenoren film luzea Sail Ofizialean lehiatuko da

Maiatzaren 3an "La mujer dormida" Laura Alvearen thriller psikologikoak eta 13 film laburren proiekzioak ireki, eta hilaren 11n "Late night with the devil" Cameron Cairnes eta Colin Cairnesen filmak itxiko du Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 30. edizioa.

Indartsu hasteko, fantasiazko eta beldurrezko zinemaren jaialdiak irekiera saioan bertan sarituko ditu, Campos Eliseos antzokian, Javier Botet espainiar aktorea ("Rec", "El renacido", "Alien: Covenant", "It"…) eta Ivan Miñambres portugaletetar ekoizleari ("Birdboy", "Unicorn Wars", "El sueño de la sultana"…). Ohorezko Fant saria jasoko dute biek.

Bestalde, itxiera ekitaldian, maiatzaren 10ean BBK Aretoan, Estrella del Fantástico (fantasiazkoaren izarra) saria emango diete Pedro Olea bilbotar zinemagileari eta Lamberto Bava italiar zuzendari, ekoizle eta gidoilariari.

Gainera, Céline Rouzet frantziar zuzendari eta gidoigileak Fantrobia generoaren barruko talentu berrietarako saria jasoko du.

Sail Ofiziala

18 film luze lehiatuko dira, Film Luze Onenaren FANT 2024, Gidoi Onenaren eta Zuzendaritza Berritzaileenerako sarietarako bidean, tartean "Moscas" Aritz Moreno donostiarraren pelikula eta "Deviant" euskal ekoizpena, Daniel M. Caneiro katalanak zuzendua.

Film laburren atalean, berriz, 22 lan proiektatuko dituzte, tartean 13 euskal pelikula, horietako lau euskaraz: "Betiko gaua" (2023, Eneko Sagardoy); "Betizu buru" (2023, Kim Maiteny); "Conej Steps out" (2023, Pablo Rio); "Deadly Draw" (2023, Nitya López); "Europa" (2023, Ekain Irigoien); "Extrema grave" (2023, Lorenzo Ayuso); "Feminancy" (2023, Uxuri Etxegia Etxebeste); "Hado" (2023, Rubi Rock); "Jende arrotza" (2023, Imanol Ortiz López); "Nada de nada" (2023, Gastón Haag); "Ni lobos ni corderos" (2024, José Luis Acosta); "To bird or not to bird" (2023, Martín Romero); eta "Txotxongiloa" (2023, Sonia Estévez).

30. edizio honetan, 11 film luzek eta film laburren hiru emanaldik azpititulu elebidunak izango dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz.

Primeran

Maiatzaren 2tik aurrera, Primeran plataforman leiho berezi bat izango du Fant jaialdiak, eta ikusgai jarriko dituzte, hartara, "Ilargi guztiak" film luzea (Igor Legarreta) eta jaialdiko aurreko edizioetan parte hartu zuten hainbat film labur: Ni a sol ni a sombra (Talia Hernando), Lanbroa (Aitzo Saratxaga), Au-pair (David Perez Sañudo), Carnívoro (Lander Castro), Hikikomori (Borja Crespo), Irten barrura (Aitor Mendilibar eta Ibon Goiko) eta El ruido solar (Pablo Hernando).

Gainera, Paul Urkijo zinemagileari ziklo berezia eskainiko zaio Primeran plataforman. Errementari film luzea eta zortzi film labur izango dira ikusgai.