Itxi

Zinema

Egokitzapena

"Karmele" film luzea filmatzen hasi dira, Asier Altunaren zuzendaritzapean

Natxo Velez | EITB Media

Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy dira protagonistak, "Elkarrekin esnateko ordua" Kirmen Uriberen eleberriaren egokitzapen honetan. Maiatz amaierara arte luzatuko dute errodajea, Euskal Herri osoan zehar.

  • Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy dira "Karmele"ren protagonistak

    Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy dira "Karmele"ren protagonistak

Asier Altuna zinemagilea (Amama, Aupa Etxebeste…) Karmele pelikula filmatzen hasi berri da, Txintxua Films produkzio etxeak EITBren parte-hartzearekin ekoitzitako lana. Maiatz amaierara arte egongo dira errodajean mugilduta, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin.

Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreek gorpuztuko dute pantailan Karmele Urrestik eta Txomin Letamendiak osatzen duten bikotea. Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran izango dituzte lagun, Karmeleren aita-amen azaletan.

Pelikulak Karmele erizainaren (Jone Laspiur) bizipenak ditu kontagai. 1930eko hamarkadan Frantzian erbesteratuta dagoela, Txomin (Eneko Sagardoy) ezagutuko du, tronpeta-jotzaile iaio bat, eta maitasunak eta konpromiso politikoak zeharkatzen dituen istorioa biziko dute batera, Parisen, Caracasen eta Euskal Herrian. Familia osatuko dute elkarrekin, eta poz-pozik biziko dira, harik eta familiarekiko edo ideiekiko fideltasunaren bidegurutzea zirt edo zart egiteko unea iritsiko zaien arte.

Eneko Sagardoy, Jone Laspiur eta Asier Altuna

Eneko Sagardoy, Jone Laspiur eta Asier Altuna

Elkarrekin esnatzeko ordua Kirmen Uriberen eleberrian (Susa, 2016) dago egokituta filma.

Asier Altuna arduratu da gidoiaz eta zuzendaritzaz, eta lankide izan ditu Javier Agirre argazki zuzendaria, Alazne Ameztoy soinu zuzendaria, Nerea Torrijos jantzitegian, Lauren Dufreche editatzen, Aitor Etxebarria musika konposatzen eta Felix Bergés eta Jon Serrano efektu bereziak zaintzen. Michel Gaztambide aholkulari jardun da, gidoia idazteko.

Pelikula 2025ean estreinatzeko asmoa dute.