Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

63. Zinemaldia

17 film, Culinary Zinema Zinemaldiko atalean

N.V. | eitb.eus

Andoni Luis Adurizek, Roca anaiek eta beste hainbat sukaldarik parte hartuko dute zinema eta gastronomia uztartzen dituen atalean.

1:38

Basque Culinary Centerrek, Donostiako Zinemaldiak eta Berlingo nazioarteko zinema jaialdiak Culinary Zinema sailaren programazioa aurkeztu dute gaur, uztailak 30.

Donostiako Zinemaldiak, Berlinalek eta Basque Culinary Centerrek orain bost urtetik hona duten lankidetzari esker, nazioarte mailako zinema jaialdi batek eta munduan Michelin izarren kontzentraziorik handiena duen eskualde batek bat egiten dute.

Bosgarren edizio honetan, 17 film erakutsiko ditu sailak: 4 labur eta 13 luze. Azken horietatik 9k lehiaketan parte hartuko dute, eta gainerako laurak lehiaketaz kanpo ikusgai izango dira. Film horietako zazpirekin batera, afari tematikoak izango dira nazioartean sonatuak diren sukaldarien eskutik.

Inaugurazio afariaren arduraduna Andoni Luis Aduriz (Mugaritz jatetxea) izango da, eta itxierako afariarena, berriz, El Celler de Can Roca jatetxeko Roca anaiak eta haiek gonbidatutako sukaldari bat. Datozen asteetan sukaldari gehiagoren izenak iragarriko dituzte.

Filmei dagokienez, “Campo a través. Mugaritz, intuyendo un camino”, “The birth of sake”, “The perfect protein” eta beste asko emango dituzte.

Culinary Zinemak Tokyo Gohan Film Festival jaialdiarekin lankidetzan jarraitzen du. Ondorioz, Tokyo Gohan Film Festivalek aukeratutako epaimahai batek 10.000 euroko saria emango dio Culinary Zinema sailean programatutako filmetako bati.

Culinary Zinema saileko proiekzio eta afarietarako txartel bateratuak irailaren 1ean ipiniko dira salgai, 67,20 euroan.