Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Inaugurazio gala

Zinema ekaitza lehertu da Donostian

Natxo Velez | eitb.eus

Emakumeek eginiko zinemaren aldeko aldarrikapenez betetako gala batek atea ireki dio 200 ordu baino gehiagoko zinemaren festari. "150 miligramo" filmaren proiekzioak itxi du ekitaldia.

1:45

Donostiako Zinemaldiari euriak eta eguraldi goibelak eman diote ongietorria gaur gurean, zinema aretoan babesteko giro egokiak. Hurrengo bederatzi egunetan, nolanahi den, barealdirik gabeko zinema ekaitza izango da gipuzkoar hiriburuan, lainoen nahia zein den gorabehera.

Dantza ikuskizun labur batek abiatu du, Kursaaleko agertokiaren gainean, Emma Suarezek, Mireia Gabilondok eta Cayetana Guillen Cuervok hiru hizkuntzatan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, gidatutako inaugurazio gala, eta hasieratik bertatik izan da ekitaldia iskanbilatsua; izan ere, hainbat pertsonak gaixorik dauden presoen aldeko oihuak egin dituzte aroetan, eta aurkezleon solasa eten dute, garrasi eta txistu artean; gala gelditu egin dute aurkezleek, oihuen egileak aretotik atera dituzten arte.

Galaren haria berriz hartutakoan, Josetxo Moreno Golem enpresaren fundatzailea eta Luis de Val Manga Filmsen sortzailea, duela gutxi hildako zinemazaleak, hartu dituzte gogoan, eta aurtengo Zinemaldia eurei eskaini diete. Jarraian, urteko film onenaren Fipresci saria ?Toni Ermann? Maren Ade alemanaren filmari eman diote.

Eguraldi goibelari entzungor eginda, gala koloretsu eta bero batek aurtengo Zinemaldian ikusi ahal izango diren filmetako batzuk aletu ditu ondoren, sailez sail.

Jarraian, agertokira igotako gizonezko batek Zubietako erraustegiaren aurkako protesta egin ondoren, Bertrand Tavernier aurten Donostian, Zabaltegi-Tabakalera sailean, ?Voyage à travers le cinéma français? filma aurkeztu duen zinemagile frantsesak (?Donostia beti da harrigarria?, esan du, irribarretsu, protestariari begira) Jacques Beckerren omenezko atzera begirako zikloa aurkeztu du, Becker zenaren semea agertokian lagun zuela.

Kultur Hiriburutzaren urtean, noski, Donostia 2016 ere izan dute gogoan Patxi Barcok zuzendu duen galan, eta ?Kalebegiak? hiriarekin lotura duten hainbat zinemagilek eginiko 12 film laburrek osatutako proiektua aurkeztu dute. Belodromoan estreinatuko dute Donostia 2016ren ikus-entzunezko proiektu handinahia, irailaren 21ean.

Bille August danimarkarra, epaimahai ofizialaren presidentea, aurkeztu dute jarraian aurkezleek, eta gala itxi duen filmaren zuzendariak, Emmanuelle Bercotek, eta Sidse Babett Knudsen pelikularen protagonistak hartu dute hitza ondoren, ekitaldia bukatzeko. Donostiako publikoa eta jaialdia laudatu dituzte, eta emakumeek eginiko zinema aldarrikatu dute agertokitik, aurten lehenengoz zabaldu baitu Zinemaldiko Sail Ofiziala emakumezko zinemagile batek eginiko pelikula batek. 

?150 miligramo?, gala ixteko

?150 miligramo? ?Mediator 150 mg? Irène Frachonen liburuan oinarritutako filmak itxi du hasiera gala. Sail Ofizialeko lehia zabaldu duen filmak Bresteko (Frantzia) ospitaleko biriketako espezialista baten aurkikuntza kontatzen du: lotura zuzena aurkitu berri du zenbait pertsonaren heriotza susmagarriren eta Estatuak onartutako sendagai baten artean. Medikuak bere kabuz egingo du borroka egia argitara azal dadin.

Benetako istorioa du oinarrian pelikulak, eta benetako doktoreak ere ez du galdu nahi izan Donostiako emanaldia.