Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Iazkoen halako lau

Zinemaldiaren Ikusmira Berriak programak 157 egitasmo jaso ditu

Agentziak | eitb.eus

Egonaldiak eta proiektu zinematografikoak garatzeko laguntza eskaintzen du programak.

Donostiako Zinemaldiak egonaldiak eta proiektu zinematografikoak garatzeko laguntza eskaintzen ditu Ikusmira Berriak programaren bitartez, eta, joan den astean hirugarren edizioan izena emateko epea amaitu ondoren, 19 herrialdetako 157 proposamen jaso ditu.

Programaren lau kategoriak berritu dira aurten: Zinemaldiaren azken edizioko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako parte-hartzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoko errealizadoreak, Espainiako gainerako lurraldeetako errealizadoreak eta atzerriko errealizadoreak.

Aldaketa horren helburuetako bat programaren nazioarteko izaera indartzea da, eta, hain zuzen ere, atzerriko errealizadoreen kategorian jaso dira hautagaitza guztien % 62 (97 guztira). Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendariek 18 proposamen aurkeztu dituzte.

Programarako hautatutako lau proiektuak maiatzean jakinaraziko dira, eta lan irabazleen egileek sei asteko egonaldia izango dute Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan.

Laguntza ekonomikoa

Ikusmira Berriak ekimenak 20.000 euroko laguntza ekonomikoa emango du, hautatutako proiektuen artean banatzeko. Halaber, REC Grabaketa Estudioak bere postprodukzio zerbitzuak eskaintzen ditu sari moduan film labur baterako (10.500 euroan baloratua) eta film luze baterako (35.000 euroan baloratua).