Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Programazioa

Zinemagile sarituen lehen eta bigarren luzeak, Zuzendari Berriak sailean

eitb.eus

Argentina, Belgika, Espainia, Filipinak, Frantzia, Hego Korea, Kolonbia, Suedia, Suitza, Taiwan, Txile eta Txina herrialdeetako zinemagileen 13 lan lehiatuko dira Kutxabank-Zuzendari Berriak sailean.

1:24

Donostiako Zinemaldiak Kutxabank-Zuzendari Berriak saria lortzeko lehiatuko diren europar, asiar eta latinoamerikar zinemagileen hamahiru filmen izenak iragarri dituzte. Sailaren helburua zinemagile berriak ezagutaraztea da, eta beren lehen edo bigarren film luzea aurkezten duten zinemagileek har dezakete parte.

Kutxabank-Zuzendari Berriak sariaren irabazlea nazioarteko epaimahai batek ebazten du, eta 50.000 euro jasotzeko dituzte lanaren zuzendariak eta filmaren Espainiako banatzaileak. Aurten aukeratutako hainbat lanen zuzendari batzuek ibilbide saritua dute film laburren arloan.

Jens Assur suediarra, esaterako, argazkilari eta zinemagile ezaguna da, eta horren film laburrak Cannesen, Clermont-Ferranden, Tribecan eta Sundancen estreinatu eta saritu dituzte. Horren lehen film luzea, KorparnaRavens, gazte baten istorioari buruzkoa da: haren aita tematuta dago gazteak familiaren baserriarekin jarrai dezan.

Gilles Coulier belgikar zuzendari eta gidoilaria Bevergem / The Natives telesailari esker da ezaguna, eta Cargo horren lehen filma behea jotzear dagoen familia bateko hiru anaien arteko gatazkari buruzkoa da.

Laura Mora kolonbiar zuzendariaren film laburrek hainbat sari lortu dituzte, eta Matar a Jesús bigarren filma bere proiektu pertsonalena du: 2002an bere aitaren hilketaren ondoren gertatutakoan dago oinarritua.

Tigre Silvina Schnicer Argentinako zinemagilearen eta Ulises Porra Buenos Airesen bizi den zuzendari katalanaren lehen film luzea da. Delta del Tigreko uharte batera itzuliko den emakume baten istorioa landu dute.

Pablo Larraín eta Fernanda del Nido ekoizle direla, Princesita Marialy Rivas zuzendariaren bigarren film luzea da. Zinema Eraikitzen sailaren 28. edizioan parte hartu zuen Princesita filmak, eta 12 urteko haur batek sekta batean bizi duen esperientzia kontatzen du.

Le Prix du succès /The Price of Success filmean, arrakasta dela-eta anaiari aurre egin dion komiko gero eta ezagunago batengana zuzendu du bere begirada Teddy Lussi-Modeste frantziar aktore eta zinemagileak.

Marine Francen zuzendaria Michael Hanekeren eta Olivier Assayasen laguntzaile gisa aritua da. Bere lehen filmean, basakeriaz gizonik gabe geratu den herri baten istorioa kontatzen du.

Blue My Mind Lisa Brühlmann suitzar zuzendariaren lehen lana da, eta gorputzaren aldaketa handiei aurre egin behar dien hamabost urteko nerabe bat (Luna Wedler) da filmaren ardatza.

Pok-ryuk-eui Ssi-atThe Seeds of Violence Lim Tae-gue zuzendariaren filmak agintari baten abusuak argitara eman nahi dituen Hego Koreako Armadako soldadu baten bilakaera erakusten du.

Lai Kuo-an taiwandar zinemagileak bere lehen film luzea aurkeztuko du Donostian. A Fish Out of Water du izena, eta haur bat da filmaren ardatza. Pailalim / Underground Daniel Palacioren lehen film luzean, bestalde, etxerik gabeko gizon bat da protagonista.

Wang Feifei zuzendariak lau elementuren inguruan eraiki du bere lehen film luzea: amesgaizto bat, haserre den gizon bat, sexu eskandalu bat eta beirazko eskumuturreko bat.

Nicolás Combarro (Coruña, 1979) artistak bere lehen film luzea aurkeztuko du: Alberto García-Alix. La línea de la sombra. Lan horretan, espainiar argazkilari horren unibertsoa aztertzen du.

Datozen asteetan jakinaraziko ditu Zinemaldiak Zuzendari Berriak saila osatuko duten gainerako filmen izenak.