X

Irratia zuzenean

Zinemaldia%202017%20|%20Donostiako%20Nazioarteko%20Zinemaldia%202017

Zinemaldia

Koldo Almandoz Plagan dokumental laburreko zuzendariari elkarrizketa

  • facebook
  • twitter

Zinemaldia

ELKARRIZKETA

Koldo Almandoz: ''Plagan' filmean, arrazoia emozioen gainetik dago'

N.V. | EITB.EUS

2017/09/28

Donostiar zinemagileak 'Plágan' dokumental laburra erakutsi du Donostiako Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailean eta berarekin hitz egin dugu.

  • Koldo Almandoz.

    Koldo Almandoz.

    Koldo Almandoz.
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Plaga edo izurria hori da Koldo Almandozen azken dokumental laburraren izenburua, hots, animalia edota landare populazioei kalte larriak eragiten dizkieten espezie bereko izaki bizidunen agerpen masibo eta bat-batekoa. Kaltegarria den zerbaiten ugaritasuna, alegia. Donostiar zinemagileak Plágan dokumental laburra erakutsi du Donostiako Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailean, eta berarekin hitz egin dugu.

Zergatik aukeratu dituzu Islandiako paisaia lakarrak Plágan filmerako?

Berez, paisaiek aukeratu ninduten ni; pelikula hau egiteko ideia bertan sortu zitzaidan. Ez nintzen film bat egiteko asmoz joan, baina kamera txiki bat eraman nuen...

PLAGAN KOLDO ALMANDOZ FOTOGRAMA

Plagan dokumental laburreko fotograma bat.

Filmatzen ari zinela, argi zenuen nola antolatuko zenuen filma ala editatzeko orduan aukeratu duzu lana nola harilkatu?

Filmatzen ari nintzela, kontzeptu bat nuen buruan: gizakia nolabaiteko birus edo izurri gisa irudikatzea. Hori iruditzen zitzaidan begi aurrean ikusten nuena. Hortik haratago, ez nuen muntaian zehazki pentsatu, baina Islandiako egonaldian soilik natur parke horietan filmatzeko hautua egin nuen. Ez nuen kamera beste inon atera.

Eritasun kutsakorra da izurria, definizioz. Nork kutsatzen du filmean iradokitzen duzun izurria? Nola babes gaitezke haren aurka?

Berez, izurria fenomeno naturala da: izaki txikienetatik hasita, handienak ere izurri bihurtzeko gai dira.

Pelikulak erakusten duen izurria gizarte garaikideak sortu duen aisialdi ereduaren emaitza da, sistema kapitalistaren beste ondorioetako bat. Egun, teknologiari esker, erraza eta gero eta popularragoa da edozein tokitara bidaiatzea.

Sipo phantasma zure aurreko filmean musikak garrantzi handia zuen; Plágan honetan, ordea, ez duzu musikarik erabili. Zer dela eta?

Nik uste Sipo phantasmaren kasuan, sormeneko dokumental esperimentala izanik, musikak bazuela zentzua. Nolabait kontatzen zen istorioak eskatzen zuen musikak duen abstrakziorako gaitasun horren osagaia.

Plágan, aldiz, behaketan oinarritutako dokumentala da. Kontatzen denak ez du behar ez musikarik ez abstrakziorik. Naturaren soinuek osatzen dute soinu banda.

PLAGAN KOLDO ALMANDOZ FOTOGRAMA ZINEMALDIA

Plagan. Argazkia: Koldo Almandoz

Aurreko elkarrizketa batean, zinemagintzan emozioa gainbaloratuta dagoela esan zenidan. Plágan ikuslearen adimenari begira egindako lana dela esan daiteke?

Ez dut uste helburu nagusi batekin egin dudanik: istorioa parean jarri zitzaidan, eta nik egin dudan gauza bakarra izan da hori filmatzea eta, nolabait, kontzeptualizatzea.

Eta bai, sinesten dut oraindik emozioa gainbaloratua dagoela, orokorrean, sorkuntzan: hunkigarritasunaren bila eta pasio oinarrizkoak esnatzera bideratzen da gehienetan. Pláganekin, nik uste, adimen jolasa eta nolabaiteko gizarte autokritika islatu dugula. Arrazoia, pentsamendua, dago emozioen gainetik.

Zabaltegi-Tabakalera zinema molde berriak bilatzen dituen sailean sartu dute Plágan, Zinemaldian. Zure filmerako eremu egokia dela uste duzu?

Kontent nago sail honetan estreinatzeagatik. Nire ustez, pelikularako sail aproposena da Zinemaldiaren baitan. Egia da sailak orokorrean gauza asko eta oso ezberdinak biltzen dituela lehiaketa sail bat izateko, baina, bestalde, nolabaiteko anarkia horrek badu bere xarma, guztiak parekatzen gaituelako nolabait, txikiak garenok eta handiak.

Zinemaldiaren aurtengo programaziotik, zer lanek bereganatu dute zure arreta?

Batez ere, Zabaltegi-Tabakalera saileko hainbat lan, Joseph Loseyren zikloa, Zuzendari Berriak, Sail Ofiziala... Beti izaten dut joera gero zinema aretoetan nekez estreinatuko diren lanak azpimarratzera.

Zeintzuek jasoko lukete Donostia saria zuk zuzendutako Zinemaldi batean?

Donostia sarienak, Zinemaldiarentzat garrantzitsua dela jakinik eta ulertzen badut ere, atzeraka egin dit beti. Baina ematekotan hiru hauek: Leni Riefenstahli (sari postumoa), Uma Thurmani eta Rex zakurrari.

Edizio dibertigarria izango litzateke.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
Publizitatea
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena