Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Donostiako Aste Nagusia

Donostiako Aste Nagusiari jarraipen berezia EITBn

EITB Media

Jaien hasierako Artillero ekitaldia eta, gauero, su artifizialak eskainiko dira zuzenean. Gainera, "Lau Teilatu" saio berezia eta 46. Txistulari Kontzertu Nagusia izango dira ikusgai. Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak ere jaien egitaraua gertutik jarraituko dute.

0:20
Donostiako su artifizialak

Donostiako Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo dute EITBko hedabideek abuztuaren 12tik 19ra. Jaietako ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitu ahal izango dira telebista, irrati eta Internet bidez. Halaber, Gipuzkoako hiriburuko festa giroaren berri ere emango dute albistegi eta saio ezberdinetan.

Jaien hasierako kanoikada zuzenean jarraitu ahal izango da ETB2n eta eitb.eus-en Donostiako Udaletxeko terrazatik arratsaldeko 18:30etik aurrera. Aurkezle lanetan, Klaudio Landa eta Aunitz Alberdi arituko dira, eta Egoitz Txurrukak erreportajeak eta elkarrizketak egingo ditu bertan bilduko diren gonbidatu eta protagonistekin. Bertan izango dira, besteak beste,  Eneko Goia Donostiako alkatea, Luis Mokoroa artillero ohia eta Onintza Mokoroa aurtengo Artillera.

Gauero, Donostiako 58. Nazioarteko Su Artifizialen lehiaketako erakustaldiak eskainiko dira zuzenean 22:15etik aurrera. Ilaski Serranok eta Agustin Ezenarrok egingo dute kontakizuna, eta hainbat gonbidatu izango dituzte aste osoan zehar.

Igande gauean, abuztuak 13, Huntza taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango da "Lau Teilatu" saioaren barruan. Donostiako Deustuko Unibertsitateko teilatuan grabatutako emanaldia 21:30ean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.

Bestalde, Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean, abuztuaren 12an Donostiako Konstituzio plazan ikusgai izango den 46. Txistulari Kontzertu Nagusia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek hurrengo larunbatean, abuztuaren 19an, 21:30ean. Euskal Herri osotik etorritako 80 bat txistularik euskal dantzak eta abesti herrikoiak eskainiko dituzte, abesbatza eta dantza talde ezberdinekin batera.