Itxi

telebista

Asteazkenetan

'Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia', dokumental-sorta, ETB1en

A.H.

EITB

Sei ataleko dokumental-sorta honek, euskararen eta euskal hiztunen historian murgilduko ditu ikus-entzuleak.

0:26

'Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza' Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara kultura elkarteek ekoitzitako dokumental-sorta da. Xamarrek 2006an Pamiela etxean argitaratutako izen bereko liburuan oinarrituta dago, eta gaur estreinatuko du ETB1ek. Euskararen eta euskal hiztunen bilakaera historikoan barrena proposatzen du bidaia, eta garai historiko ezberdinetara eramango ditu ikus-entzuleak, sei ataletan.

Hizkuntza eta kultura hartzen ditu saioak abiapuntu, euskararen eta euskal komunitatearen historia ezagutu eta ulertzeko. Izan ere, euskara hizkuntza zaharra da, jatorri ezezaguna dauka eta ez zaio ahaiderik ezagutzen. Baina hori baino misterio handiagoa gordetzen du: horren zaharra izanda, nola ailegatu da gaur egunera arte?

Euskararen historiak euskal hiztunen bilakaeraren historiarekin bat egiten du ezinbestean, eta 'Euskara Jendea' dokumentala bilakaera horretan murgilduko da. Topikoetatik aldentzen ahaleginduko da, eta topiko aski ezagun batzuei ihes egiten, isolamenduarena kasu. Izan ere, euskaldunak historian zehar beti izan dira harremanetan auzokideekin eta haien hizkuntzekin: hizkuntza zeltak, latina, arabiera, hebreera, okzitaniera, gaskoia, espainiera, frantsesa, ingelesa...

Historiaurretik gaur egun arteko bidaian, sei dokumentalek osatzen dute seriea: Historiaren atarian, Erromako Inperioan, Aniztasunaren bidean, Mugetan gaindi, Gerren arteko pizkundean eta Mundua osatzen.

Lehenengo atala: 'Historiaren atarian'

Dokumental sortaren lehenengo atala gaur eskainiko da, 22:30ean, eta euskararen lehenengo aztarnak aztertuko ditu.

Jatorria edozein delarik ere, Historiaurreko hizkuntza da euskara, indoeuropar hizkuntzak etorri baino lehenagokoa, gizakiak Europa jendeztatu zuenekoa. Harrezkeroztik, beste hizkuntzen eragina jaso du eta, desagertzetik urrun, iraun egin du. Beharbada, Koldo Mitxelena hizkuntzalariak azaldu zuenez, euskararen enigma ez da bere jatorria, bere biziraupena baizik.

Lehenengo atal honetan parte hartuko duten adituen artean hauek daude: Joaquin Gorrotxategi, Euskal Herriko Unibertsitateko Indoeuropar Hizkuntzalaritzako katedraduna; Neskuts Izagirre, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta antropologoa; Diego Garate, Historiaurrean doktore eta Bizkaiko Arkeologia Museoko arkeologoa; eta Jaxques Blot, arkeologoa.

Lantaldea

Dokumental sorta hau egiten Mikel Arredondo, Hibai Castro, Lutxo Egia, Xamar, Adur Larrea, Jon Fernandez eta Maria Uriarte aritu dira, eta lantaldeak kolaboratzaile sare zabala izan du inguruan.

Horrez gain, bi euskara elkarte garrantzitsu daude ekoizpenaren atzean: Ibaizabal-Mendebalde elkartea, euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatzeko Bilbon sortutako elkartea, eta Zenbat Gara, Bilboko Kafe Antzokia erreferentziagune nagusi duen elkartea eta hamaika kultur jarduera sustatu eta egiten dituena.