Itxi

telebista

1.000. programa

'La Noche de...' saioak 1.000. programa bete du ETB2n

A.H.

EITB

Pazko astean zehar, programaren emanaldi hirukoitza eskainiko da, eta 1.000 zine-sarrera zozkatuko dira 'La Noche de...' saioaren jarraitzaileen artean.

  • Félix Linares | La Noche De 1000

    Félix Linares

Pazko astea berezia izango da 'La Noche de...' saioarentzat. Izan ere, 1.000. emanaldia beteko du Felix Linaresek ETB2n aurkezten duen magazinak. Ordutegi nagusian denbora gehien eman duen saioa da estatu mailan, eta, hori ospatzeko, 'La Noche de...' saioaren emanaldi hirukoitza eskainiko da apirilaren 22, 23 eta 24an. Gainera, zinemarako 1.000 sarrera zozkatuko dira saioaren jarraitzaileen artean.

Azken 19 urteetan zehar, Felix Linaresek ez du bere asteroko hitzorduan huts egin. Zinemaren munduko daturik harrigarrienak, istoriorik dibertigarrienak eta pasadizo eta bitxikeria paregabeak kontatu dizkigu asteartero. Horrela, ETB2ko erreferentziazko saioa bihurtu da, eta urtero gainditu du katearen audientzia marka.

2014an, 'La Noche de...' saioak, batez beste, % 10,4ko audientzia zatia lortu du, eta saioak aurkeztu dituen pelikulek % 11ko kuota eta 318.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan dute. Aurtengo emanaldien artean, nabarmentzekoa da "La Noche de... La bendición" atalak emandako datua: % 13,6ko sharea eta 313.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.

Saioaren historiako lehenengo programa 1995ko irailaren 19an emititu zuten, Drácula de Bram Stoken filma eskainiz. Saioren hasierako helburua ondoren emitituko zen pelikula aurkeztea zen. Baina urteak igaro ahala, 'LND' saioak nortasun propioa garatu du eta atal berriak gaineratu ditu. Línea caliente eta Gazapos de película tarteek, esate baterako, ibilbide luzea egin dute, eta jarraitzaileen partaidetza eta babesa lortu dute.

Halaber, "La Noche de..." zinema preskriptore bikaina bihurtu da, bere ibilbide luzeari eta lortutako audientzia datu harrigarriei esker. Felix Linares aurkezleak, zinema eta kultura alorrean irrati esatari aditua den heinean, saioaren filosofia bere gain hartu du.

'La Noche de...' saioaren astea

Esan bezala, Pazko astea berezia izango da 'La Noche de...' saioarentzat. Asteartean, apirilaren 22an, 'La Noche de...' saioaren 1.000. programak 2012 superprodukzio ikusgarria eskainiko du. Maien zibilizazioak iragarritako munduaren amaiera du ardatz, eta profeziaren egiazkotasuna aztertzen du. Gai horren inguruko hainbat kontu jorratzeaz gain, pelikulako aktoreez eta filmazioaren zailtasunez arituko da. Besteak beste, Jonh Kusack protagonistak izan duen neska-lagunen zerrenda luzea errepasatuko dute.

Asteazkenean, saioaren unerik onenak bilduko dituen "La Noche de... 1.000" saio berezia eskainiko da. Atal ezberdinetako (Gazapos de película, Línea caliente, Los vascos conquistan Hollywood eta CSI Hollywood) unerik onenak eta istorio harrigarrienak bilduko dituzte. Gainera, programaren aktorerik gustukoena (gehien azaldu dena) nor den esango dute, eta pertsonaia ezagunen bati saioak eginiko epaiketarik gogorrena eskainiko dute. Bere buruari begiratuta, "LND" saioak egindako akats eta hanka-sartzeak ekarriko dituzte gogora, eta saioaren making off-a ere erakutsiko dute.

'La Noche de...' saioaren aste bereziarekin amaitzeko, ostegunean, 'La Noche de... 8 apellidos vascos' eskainiko dute, marka guztiak hausten ari den pelikulari eskainita. Dani Rovira, Clara Lago, Carmen Machi eta Karra Elejalde protagonisten ibilbideak errepasatuko dituzte bertan, baita Emilio Martinez-Lazaro zuzendariarena, eta Borja Cobeaga eta Diego San Jose gidoilariena ere. Filmaren arrakastaren gakoak aztertzeaz gain, hegoaldeko eta iparraldeko herrien arteko ezberdintasunak umorez landu dituzten beste komedia batzuk gogoratuko dituzte; besteak beste, ondoren eskainiko den Bienvenidos al Sur pelikula.

Zinemarako 1.000 sarrera zozkatu

'La Noche de...' programaren 1.000 saioak ospatzeko, zinemarako 1.000 sarrera zozkatuko dira saioaren jarraitzaileen artean. Hegoaldeko lau hiriburuetan erabili ahal izango dira: Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea. Apirilaren 15ean irekiko da zozketan parte hartzeko epea, eta saioaren eitb.com-eko orrian galdera erraz bati erantzun beharko zaio bertan parte hartzeko. Irabazleen izenak apirilaren 29an emango dira jakitera.