Itxi

telebista

Dibidendu digitala

Egokitu ezazu antena ETB ikusten jarraitzeko!

EiTB

Bizkaiko eta Gipuzkoako antena kolektiboak lehenbailehen egokitu behar dira. Diru-laguntzak eska daitezke. Azalpen guztiak, hemen.

0:17

2015eko martxoaren 31n ETBko LTD kanalek programak etengo dituzte 60 (Gipuzkoan) eta 61 (Bizkaian) zenbakietan. Beraz, 50 (Gipuzkoan) eta 35 (Bizkaian) kanalak soilik jasoko dira. Bi kanal berri horiek 2014ko udaz gero daude martxan. Hori dela eta, zenbait etxek ez dute Euskal Telebistaren seinalea jasoko. Egoera hori saihesteko, antenistari deitu behar diogu, Bizkaiak eta Gipuzkoan antena kolektiboak egokitzeko.

LTDn ez baduzu ETB ikusten, berriro sintonizatu telebista eta, seinalea jaso gabe jarraitzen baduzu, hitz egin zure komunitateko administradorearekin edo antenistarekin.

Aprobetxatu sintonizazio berria ETBko saioak zure urrutiko agintearen lehen zenbakietan jartzeko.

Lan horiek egiteko, diru-laguntzak emateko plan bat abiatu du Espainiako Industria, Energia eta Turismo Ministerioak.

Neurri hauek telebista LTDaren bitartez ikusten dutenei bakarrik eragingo diete, ez seinalea kable bidez (Euskaltel bezalako konpainien bitartez, esaterako) jasotzen duten ikusleei.

Azalpenak pausoz pauso emango ditugu segidan.

Nola jakin dezaket nire antena egokitu behar den ala ez?

Lehenik eta behin, aldaketa hauek telebista LTDaren bidez ikusten dutenei eragingo diela soilik jakin behar dugu. Telebista kable bidez ikusten badugu (Euskaltelen bidez, adibidez) honek guztiak ez du eraginik izango gurean.

Kontuan hartzeko bigarren puntua eremu geografikoa da. Egokitzapena Bizkaian eta Gipuzkoan soilik egin behar da. Arabako antenei ez die frekuentzien aldaketa honek eragingo, ETBri dagokionez behintzat. Beste telebista-kanal batzuen kasuan bai, ordea.

Hirugarren faktorea antena mota da. Zentralita programagarria edo kanal bakarreko anplifikadoreak dituzten antena kolektiboak dira egokitu beharrekoak, ez gainerakoak. Antena hauek etxebizitza-eraikin ertain edo handietan erabiltzen dira, hiru etxebizitza baina gehiagoko eraikinetan. Etxebizitza bakarreko etxeetan edo eraikin txikietan beste mota bateko antenak erabiltzen dira, eta horiek ez dute egokitu beharrik.

Beraz, eta laburbilduz, antenak egokitu behar ditugu Gipuzkoan edo Bizkaian bizi bagara, antena komunitarioa daukan etxebizitza-eraikin batean, eta telebista kable bidez jasotzen ez badugu. Hiru baldintza hauek betetzen baditugu, etxebizitzako administratzaileak antenistari deitu beharko dio, egokitzea ahalik eta azkarren eska dezan.

Eta kanalak sintonizatu behar ditut?

Antenan dagokion aldaketak egin ondoren, etxean ditugun telebistetan kanalak berriro sintonizatu beharko ditugu. Telebista bakoitzaren argibideen liburuan jasotako pausoei jarraituz egin dezakegu. Normalean, 'Menu' botoiari emanda egin ohi da.

Nahiz eta antena egokitu beharrik ez izan, kanalak telebista guztietan sintonizatu beharko dira berriro. Urriaren 26tik aurrera sintonizatu behar dira, ordutik emititzen baitute telebista-kateek frekuentzia berrietan. 2015ko martxoaren 31tik aurrera, dena den, eta kanal zaharrak itzali ondoren, berriro sintonizatu beharko ditugu telebista guztiak. Hala ere, honek guztiak ez die eragiten telebista kable bidez jasotzen dutenei; Euskaltelen bidez jasotzen dutenei, adibidez.

Laguntza ekonomikorik eska dezaket?

Industria, Energia eta Turismo Ministerioak diru-laguntzak emateko plan bat abiatu du antenak egokitzeko lanak diruz laguntzeko. Laguntza hauek antenak egokitu beharko dituzten (goiko baldintzak betetzen dituzten) jabeen komunitateei zuzenduta daude.

290 milioi euro jarri dira honetarako. Baina garrantzitsua da lehenbailehen eskatzea; izan ere, laguntzak eskakizun dataren arabera emango dira, eta dirua amaitzen denean ez dute gehiago emango.

Nola eska ditzaket laguntzak?

Laguntzak eskatzeko bide bakarra Internet da, eta webgune honetan egin behar da eskaria: https://ayudas.televisiondigital.gob.es/

Informazio gehiago behar izanez gero, berriz, honako telefono hauek jarri dituzte: 901 201 004 eta 954 307 796, eta webgune honetan: www.televisiondigital.es

Zenbat ordainduko didate?

Ministerioak bideratu dituen diru-laguntzak egindako lanaren araberako emango dituzte:

Zentralita programagarria aldatzea – 100 euro

Kanal bakarreko anplifikadore 1 aldatzea – 150 euro

Kanal bakarreko 2 anplifikadore aldatzea – 250 euro

Kanal bakarreko 3 anplifikadore aldatzea – 350 euro

Kanal bakarreko 4 anplifikadore aldatzea – 450 euro

Kanal bakarreko 5 anplifikadore aldatzea – 550 euro

Zer baldintza eskatuko dizkidate?

Laguntzak jasotzeko beharrezkoa izango da jabeen komunitateek IFZ bat izatea eta banku-kontu baten titularra izatea. Eskakizuna egitean, dokumentua betetzeaz gainera, honako dokumentu hauek eskatuko dituzte (PDF edo JPF formatuetan): antenistaren faktura, instalazioaren buletina (instalatzaileak berak emango duena) eta banku-kontuaren titularra nor den erakusteko ziurtagiria.

Noiz egin behar dut aldaketa?

Diru-laguntzak eskatu ahal izateko, aldaketa lehenbailehen egitea komeni da; izan ere, dirua dagoen artean emango dira laguntzak.

Urriaren 26tik telebista-kateak bi frekuentzietan ari dira emititzen: zaharrean eta berrian. Hemendik aurrera, ordea, berria bakarrik geldituko da martxan, eta, ondorioz, aldaketarik egin ezean, telebista-kate gehienak ikusteari utziko zaio.

Zer dela eta frekuentzien aldaketa hau?

Orain arte telebista-kateek erabili dituzten frekuentzietako batzuk 4G sistemako telefono mugikorren sareek erabiliko dituzte 2015eko martxoren 31tik aurrera. Horri esker, mugikorren bidezko Interneteko konexioaren abiadura asko handituko da, eraikinen barruko kobertura hobetuko da eta landa-eremuetan 4G sareak zabaltzea lortuko da. Horregatik egingo dute aldaketa.