Itxi

telebista

Gaur

Gure Esku Dagoren gaurko ekitaldiei jarraipena, EiTBn

A.E.

EiTB

Gaur hautestontzia, bihar erabakia lelopean Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean eraikiko diren hautesontzi erraldoien ekitaldien berri emango da ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta eitb.eus.en

Gaur, ekainaren 21ean, Gure Esku Dago erabakitzearen eskubidearen aldeko herri mugimenduak hautestontzi erraldoiak eraikitzeko ekimena abiatuko du Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Gaur hautestontzia, bihar erabakia lelopean antolatutako ekimenaren berri zabala emango dute ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta eitb.eus-ek.

Telebistari dagokionez, ETB1en saio berezi bat egingo da, eta 'Herri Txiki, Familia Handi' saio bereziaren ondoren emitituko da, 23:15ean. Egunean zehar jazotako pasarte nabarmenenak eskainiko ditu saioak, irudi deigarri eta hunkigarrienak, eta partaide eta antolatzaileei elkarrizketak jasoko dituzte bertan.

ETB2ri dagokionez, bi albiste aurrerapen egingo dira. Lehena arratsaldeko ekitaldien hasieran, 17:30ak aldera, eta bigarrena hautestontziak jartzen dituztenean, 19:30ak aldera. Bietan zuzeneko konexioak egingo ditu albistegietako taldeak Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko ekitaldiekin.

'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan ere goizeko zein arratsaldeko ekitaldien berri emango dute luze eta zabal.

EiTBko irratien jarraipena

EiTBko irratietan ere arreta berezia eskainiko zaie Gure Esku Dagok antolatu dituen ekitaldiei.

Eguerdiko Oihal Kateen berri zuzenean emango da orduz orduko albiste zerbitzuetan eta magazinetan. Kazetariak izango dituzte Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak hiriburu guztietan, eta zuzeneko berri emango dute ibilbideetatik.

Arratsaldean, ekitaldi nagusiak egiten diren estadio guztietan izango dituzte kazetariak irratiek. Zuzenean emango dute bertako berri albiste zerbitzuetan, eta mezu nagusia irakurtzen den unean zuzenean eskainiko da San Mamesetik Radio Euskadin eta Euskadi Irratian.

Ekitaldi horien atarian, Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak hainbat eduki berezi prestatu ditu, Gure Esku Dago ekimenaren ibilbideari buruz eta baita erabakitzeko eskubideari buruz ere.

Radio Euskadin 'Ganbaran' mahai inguru berezia egingo da gaur, hilak 18, erabakitzeko eskubidearen inguruan. Gema Zabaleta, Iñaki Zarraoa eta Laura Mintegi izango dira partehartzaile.

Euskadi Irratiak erreportaje berezia prestatu Gure Esku Dago ekimenaren ibilbidea bilduz. Larunbatean, ekainaren 20an, emango da.

Gainera, 'Faktoria' saioak ostiralean aldarriCATuz Herrialde Katalanen errealitate nazional, politiko eta soziala Euskal Herrian zabaltzeko ekimenari ere erreparatuko dio.

eitb.eus-en tarte zabala

Goiz goizetik egunean gertatzen den guztiaren jarraipena egingo du eitb.eus-ek. Arratsaldean, berriz, minutuz minutuko kontakizuna egingo dute, hiriburuetan gertatzen ari den guztia jasoz eta argazki zein bideotan bilduz.

Halaber, zuzeneko emanaldia izango da streamingez eta hiriburu ezberdinetako irudiak eskainiko dira. Web gunean eguneko albiste, argazki eta bideo guztiak ikusgai izango dira eta sare sozialetako oihartzunari erreparatuko diote.