Itxi

telebista

22:30ean

'Tú al norte y yo al sur' reality berria, gaur gauean, ETB2n

EITB

EITB

Andaluziara joango diren 8 euskadunen eta Euskal Herrira etorriko diren 8 andaluziarren bizipenak ekarriko dizkigu Reyes Pradosek, 'andaluziar euskaldunena eta euskaldun andaluziarrena' bilatzeko.

Gaur gauean, 'Tú al norte y yo al sur' realitya estreinatuko du Euskal Telebistaren bigarren kateak. Azkenaldian, kulturen arteko kontrastea erakutsi digute hainbat telesail eta pelikulak. Hartara, saio berri hau prestatu dute ETB2k eta Canal Surrek, elkarlanean, euskal talde baten eta andaluziar baten bizipenak umorez jorratzeko. Pausoka eta Secuoia etxeek ekoitzita, 16 lehiakidek hainbat probari egin beharko diete aurre, "andaluziarrik euskaldunena eta euskaldunik andaluziarrena" nor den jakiteko. Hamar atal izango ditu saioak, 80 minutukoa bakoitza, eta irailaren bigarren hamabostaldian estreinatzeko asmoa dute bai ETB2k bai Canal Surrek.

Andaluziako zortzi lehiakide eta Euskal Herriko zortzi izango dira abentura honetan, eta penintsula gurutzatuko dute. Guztiz ezberdinak diren kultura eta ohituretan murgilduko dira. Bi aste eman dituzte andaluziarrek Getarian, Gipuzkoako kostaldean, eta euskaldunak, berriz, Ardales Malagako herri txikian egon dira.

Reyes Prados aurkezleak gidatuko du saioa, Euskadin bizi den Sevillako kazetaria da, eta inork baino hobeto ezagutzen ditu euskaldunen eta andaluziarren arteko ezberdintasunak. Horrez gain, talde bakoitzak anfitrioi oso berezia izango du. Andaluziarrek Gorka Aginagalde aktorea izango dute Getarian gidari, eta euskaldunak Natalia Roig aktorearekin egongo dira. Lurralde bakoitzeko geografia eta ohituretan barrena gidatuko dituzte anfitrioiek euren taldeak.

Probak

Saio bakoitzean, lehiakideek proba ezberdinak egin beharko dituzte, eta kultura, gastronomia eta geografia ezberdinera ohitzeko gaitasuna erakutsi beharko dute. Lehiakideen eta herritarren arteko aldeak momentu oso dibertigarriak ekarriko ditu, eta askotan, topikoak bertan behera geldituko dira.

Zortzi lehiakide andaluziarrek euskal gastronomian murgilduko dira, eta, besteak beste, marmitakoa ezagutuko dute. Horrez gain, euskaraz hitz egingo dute, irrintziak botatzen ahaleginduko dira, euskal dantzak ikasiko dituzte, eta herri kirolen munduan sartuko dira, modalitate gogorrenetako bat praktikatzeko.

Euskal lehiakideek, bere aldetik, Andaluziako gastronomia ezagutuko dute, eta landako lan gogorrak ere egingo dituzte; besteak beste, ahuntzak jetziko dituzte. Horrez gain, flamenkoa gertutik ezagutuko dute, eta dantzatzen eta abesten ahaleginduko dira.

Lehiakideek, gainera, euren iritziak eta usteak azalduko dituzte kameren aurrean, eta bakoitzak esperientzia berria nola bizi duen azalduko du. Lehiakideen artean, asko ez dira inoiz bere herritik atera, eta kultur aldaketa gogorra biziko dute.

Egonaldiaren amaieran, herriko jendeak erabakiko du lehiakideen artean zein izango den herriko seme edo alaba kutuna. Irabazleak herriko giltzak jasoko ditu, eta bidaia bat irabaziko du.

Lehiakideak

Oso ezaugarri ezberdinak dituzten lehiakideek parte hartuko dute reality berri honetan. Euskal lehiakideak lau mutil eta lau neska izango dira, denak oso ezberdinak: Ekain familia bateko aita da, eta Mañarian duen baserriko lanak egiten ditu; Irati Amets 18 urteko ikasle gasteiztarra da, eta bere lagunekin irtetea du gogokoen; Jeannine Portugaleteko komertzial bat da, eta apartekoa da, onerako eta txarrerako; Jonpe Errenteriako arraun taldeko presidentea, ingeniaria eta institutu batean irakaslea da; Junio Donostiako surflari eta DJa da; Maialen bere gurasoen harategian laguntzen duen Lezoko neska gaztea da; Marian bermeotarra Peio Kortazar margolariaren alarguna da; eta Txema argazkilaria da, eta bilbotar peto-petoa.

Andaluziarren artean, honako lehiakideak topatuko ditugu: Alberto Jerez de la Fronterakoa da, ahuntz ganadutegi batean egiten du lan, eta guardia zibil izateko oposaketak prestatzen ari da; Antonio langabezian dagoen mekanikaria da, eta abesbatza bateko kidea; Joaquín, Esteponako erretiroduna, ezkonduta dago eta hiru seme ditu; Laura Marbellan bizi da, eta haurrentzako arropa-denda bateko arduraduna da; Maria, Cadizko 18 urteko ikaslea, oso jatorra eta pinpirina; Pedro ere Marbellakoa da, eta bere adiskideen lagun ona; Raquel flamenko eta aretoko dantza irakaslea da Kordoban; eta Teresa Sevillako Villanueba del Ariscal herrian bizi da, eta hiru alabaren ama langilea da.

Ez ezazu galdu 'Tú al norte y yo al sur' saioaren estreinaldia, gaur, 22:30ean, ETB2n

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista