Itxi

telebista

I-27

Catalunya, agur!

Maddalen Iriarte | Bartzelona

Katalunia igandetik aurrera beste egoera batean egongo da. Han zer hausnartzen den eta zer arnasten den jakin nahi izan dugu, eta horren emaitza ETB1en egongo da ikusgai gaur, 21:00etatik aurrera

0:21

600.000 ikus-entzule izan zituen Monica Terribas Kataluniako kazetari ezagunak hauteskunde kanpainaren eztabaida nagusienean TV3 katean. Zazpi hautagai, bi ordu eta lehian Europako saskibaloi txapelketa (ongi dakizuen bezala Espainiako selekzioak irabazi zuena) eta Espainiako estatuko telebistek igande gauean zuten programazio indartsua.

Hain zuzen ere, 600.000 omen dira, inkestek horrela diote, oraindik euren botoa erabaki gabe duten Kataluniako herritarrak. Euren esku dago, itxura guztien arabera, independentziaren aldeko alderdiak gailenduko diren hauteskunde hauek erabateko arrakasta izatea independentzia nahi dutenentzat edo ondorioa epelagoa, askoz ere epelagoa izatea.

Nolanahi ere, mundu guztiak nahikoa argi du Katalunia igandetik aurrera beste egoera batean, eskaileraren beste maila batean, egongo dela. 600.000 herritar horiek zer ikusi handia izango dute. Referendum batek gauzak askoz ere argiago utziko lituzke; beraz, hauteskunde hauetan, eserleku kopuruaz gain, boto kopuruak aparteko garrantzia izango du. Horregatik, independentziaren aldekoek, garaipena eserlekutan nahikoa argi ikusten dutenek, bototan ere garaile izan nahi dute. Kontrakoek kontrakoa nahi dute. Gauzak horrela, herritar guztien boto bakoitza oso garrantzitsua izango da. Gu begirik kendu gabe egongo gara.

Aurretik ere han zer hausnartzen den eta zer arnasten den jakin nahi izan dugu, eta bertako jende ugarirekin aritu gara. Bertan bizi diren euskaldunak, bertako jende ezaguna, une honetan politikarako urratsa eman dutenak... Gizon eta emakume ugari independentziaren aldeko edo kontrako hauteskunde hauek Kataluniako historiako garrantzitsuenak direla konbentzituta. ETB1en ikusiko duzu igande gauean 21:00etatik aurrera. Han egindako zenbait argazki hor doazkizue!