Itxi

telebista

Saria

'Oregon TV' saioak jaso du Pello Sarasola saria

Telebista autonomikoetako saiorik onenaren saria jaso du Aragon TV kateko saioa.

  • Maite Iturbe eta Jesus Lopez

    Maite Iturbe eta Jesus Lopez

Aragon TV kateko 'Oregon TV' saioak jaso du, ostegun honetan, telebista autonomikoetako saiorik onena nabarmentzen duen Pello Sarasola saria, Zaragozan. FORTA (Irrati eta Telebista Erakunde Autonomikoen Federazioa) barruan dauden telebista kateetako eduki arduradunek osatu dute epaimahaia.

'Oregón TV'

Aragoitarren berezko umorea du ardatz larunbatero ematen den saio honek. 50 minutuz, ikus-entzuleen artean barrea eragitea du helburu, bertako klixeen eta gaurkotasun gaien inguruan umorea eginez, eta beste programa batzuk eta pertsonaiak parodiatuz, beti ere errespetuz.

Ikus-entzuleek aski ezagunak dituzten pertsonaien artean daude Roque eta Adela, Conchito eta Marirramona, Comando Almogavar eta Galvez familia. Programako kideek egokitutako pertsona ospetsuek gidatzen dute saioa, euren lagun edo senitartekoek lagunduta. Horrela eman dituzte ezagutzera, esate baterako, Bill Gatesen ama eta Aita Noelen kudeatzailea.

Musika ere izaten dute astero. Talde edo bakarlari nazionalen eta internazionalen parodiak egiten dituzte, kantuen letrak aktualitatearen arabera moldatuz. Honela, bada, Jarcha taldeak whatsappren inguruan kantatu du, El Último de la Fila taldeak alergiak izan ditu hizpide eta AC/DC taldeak gobernu akordioak.

Lehen ediziorako beste gainontzeko hautagaiak honako hauek dira: 'El Foraster' (TV3), 'Aixó es Mel' (IB3), 'El Punto sobre la Historia', (Telemadrid),  'Luar' (TVG), 'Todos Los Apellidos Vascos' (ETB), 'Pieces' (TPA) eta 'El Legado de…' (Canal Sur).

Pello Sarasola sarien helburua autonomia erkidegoetako telebistetan ekoizten diren genero eta formatu ezberdinetako saioak nabarmentzea da: lehiaketak, dokureality-ak, musikalak, telesailak… Programek FORTAko telebisten berezko izaera bultzatu beharko dute, hots, gertutasuna, identitate autonomikoa eta bere lurralde eremuan duen eraginkortasun edo oihartzuna.

Sariaren bidez, Pello Sarasola zena oroitarazi nahi dute telebista autonomikoek. Telebista alorreko profesional handia izan zen Sarasola, eta FORTAko telebista kateen arteko elkarlanaren bultzatzaileetako bat. EiTBko Programa sailean aritu zen 1989tik ardura postu ezberdinetan. 2005ean Antena3 telebista katean hasi zen lanean Antena zuzendari bezala, 2011ra arte. Urte hartan hartu zuen ETBren Eduki zuzendari kargua, eta bi urte geroago, 2013an, ETBren zuzendari izendatu zuten.

e;">

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista