Itxi

telebista

Erreportajea

'La Otra Cara de l@s Polític@s' saio berezia, gaur gauean, ETB2n

A.E.| EiTB

Africa Baetak eta Julian Iantzik aurkeztutako saioak Iñigo Urkullu, Arnaldo Otegi, Idoia Mendia eta Pili Zabala izango ditu protagonista.

'La Otra Cara de l@s Polític@s' saioak euskal alderdietako ordezkari nabarmenen aldetik pertsonal eta familiarrena erakutsiko du. Africa Baetak eta Julian Iantzik aurkeztuko dute saioa, eta helburu bakarra du: protagonisten sentimenduak aztertzea eta euren erretratu gizatiarragoa egitea.

Protagonistak

Iñigo Urkullu lehendakaria (EAJ-PNV), Arnaldo Otegi (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Pili Zabala (Elkarrekin Podemos) dira informazio eta entretenimendu saio honetan parte hartzeko prest agertu diren protagonistak. Alfonso Alonsok (PP), berriz, uko egin dio bertan parte hartzeko gonbidapenari. Saioan, politikari horiek euren alderik ezezagunena erakutsiko diete ikus-entzuleei, normalean euren lanbide eta jardun politikoarekin zerikusia duten egoeratan ikus ohi dituzten ikus-entzuleei, hain zuzen ere.

Erreportajean, politikariek, besteak beste, honako gaiok jorratuko dituzte: haurtzaroa, eguneroko bizitza, familiarekin duten harremana, zaletasunak eta bizitzan arrastoa utzi dieten gertaerak zeintzuk diren kontatuko dute. Bi hitzetan esateko, politikariaren atzean dagoen hezur-haragizko pertsona erakutsiko dute. Gainera, solasean dabiltzan bitartean, hainbat zereginetan ikusiko ditugu; mendira igotzen, sukaldean lanean, ogia egiten, jolasean aritzen edota kirolean, adibidez. Ekintza horiek guztiak bakoitzaren eguneroko unibertso pertsonalaren parte dira, eta gutxik ezagutzen dituzte.

Nor izan zen guztien artean bihurriena txikitan? Zenbat buruhauste eragin zizkieten gurasoei txikitan? Nor izan zen klaseko saiatuena? Nor izan zen gaztetan parrandazaleena? Nor izan zen gaur egungo bikotekidea erakartzeko garaian iaioena?

Galdera hauek guztiek erantzuna izango dute 'La Otra Cara de l@s Polític@s' saioan.

Akziozko gizon-emakumeak

Gure politikariei buruz dugun serio, zentzudun eta zuhur irudia desegiteko ahalegina egingo dute Julian Iantzik eta Africa Baetak, hitzetatik ekintzetara pasa daitezen. Hartara, ez dira faltako abentura, emozioa eta adrenalina dosi on bat gure politikariak akziozko gizon-emakumeak diren ala ez jakiteko.

Nor izango da euren artean ausartena parapentean ibiltzeko? Nork sartuko ditu eskuak orean ogia egiteko? Nork erakutsiko digu palan jokatzeko duen abilidadea? Nork egingo ditu bere amarenak baino kroketa hobeak? Nork zabalduko dizkigu etxeko ateak? Nork hartuko du hamaiketakoa Gorbeiaren magalean? Batek baino gehiagok harrituta utziko gaitu, seguru.

'La Otra Cara de l@s Polític@s' gaur gauean izango da ikusgai, 22:00etan, ETB2n.