Itxi

telebista

Gaur, 22:30ean

Reyes Pradosek aurkezten duen 'Tú al Norte y Yo al Sur', berriro ETB2n

A.A. | EiTB

Lehen denboraldi arrakastatsua % 12,4ko audientzia-zatiarekin itxi zuen, eta edizio honetan aldaketa eta anfitrioi berriekin dator.

  • "Tú al Norte y Yo al Sur" saioaren aurkezpena

    "Tú al Norte y Yo al Sur" saioaren aurkezpena

Gaur gauean dator berriro ETB2ko programaziora 'Tú al Norte y Yo al Sur' lehiaketa eta realitya. Euskaldunen eta andaluziarren artean dauden ezberdintasunak eta berdintasunak umorez azaltzen ditu Reyes Pradosek aurkezten duen saioak.

Lehen denboraldi arrakastatsua batez besteko % 12,4ko audientziarekin itxi zuen 'Tú al Norte y yo Al Sur' saioak. Ekain Etxanobe saritu zuten Andaluzian, eta Maria Fuentes, berriz, Euskadin. Ardalesko herritarrek 'euskaldunik andaluziarrena' aukeratu zuten, eta Getariakoek, 'andaluziarrik euskaldunena'.

Dena den, Pausokak eta ETBk ekoizten duten saioak aurten ez du helburu izango 'andaluziarrik euskaldunena' eta 'euskaldunik andaluziarrena' bilatzea. Aldaketa handi bat sartu dute saioaren dinamikan: lehiakide euskaldunek euskal herri tradizional bihurtu beharko dute Setenil de las Bodegas herria, eta lehiakide andaluziarrek herri andaluziar bihurtu beharko dute Zestoa. Hartara, euskaldunek euskal ohiturak erakutsiko dizkiete Setenilgo herritarrei, eta andaluziarrek euren ohitura eta tradizioen berri emango diete zestoarrei.

Lehiaketaren funtzionamenduaz gain, beste bi aldaketa nabarmen ere izango ditu saioak. Hasteko, anfitrioi berriak izango dira: Iñigo Salinero izango dute laguntzaile lehiakide andaluziarrek Zestoan, eta Carmen Frigolet izango dute lagun euskal lehiakideek Setenil de las Bodegasen. Aurten, iaz ez bezala, bi lurraldeetako finalistak trukatu egingo dira azken atalean. Atal horretan jakingo dugu nor den irabazle nagusia.

Edizio honetako lehiakideek ez dituzte aldaketa hauek guztiak jakingo aldez aurretik. Herri horietara iristen direnean emango diete guztiaren berri.

Honako hauek osatuko dute andaluziarren taldea:

Esther Gomez (34 urte): Malagarra da, bi seme ditu, eta oso gogoko du horiekin egotea. Zerbitzari gisa egiten du lan, eta txistezalea da.

Francisco Rosas (71 urte): Kordobako jubilatu honek 45 urte daramatza ezkonduta, eta saioan parte hartzearren, lehen aldiz utziko du emaztea bakarrik. Asko gustatzen zaio paseatzea eta baratzean aritzea.

Jose Manuel Gaitan (34 urte): Sevillakoa da, eta diseinu grafikoan egiten du lan, baina pintxoak jatea eta lagunekin eta familiarekin egotea dira bere zaletasunik handienak.

Sara Vera (25 urte): Malagakoa da, eta arropa-denda batean egiten du lan. Musikazalea da, pianoa eta klarinetea jotzen ditu, eta koplak abesten ditu.

Adriana Gonzalez (29 urte): Emakume ekintzaile eta oldartsua da. Ile-apaindegi bat du 20 urte zituenetik, eta harreman publikoez arduratzen flamenkoko areto batean.

Jose Antonio Gavira (20 urte): Sevillakoa da. Ikaslea da, eta futbol-epailea. Lagunekin egotea eta kirola egitea dira bere zaletasunak.

Bestalde, honako hauek osatuko dute euskal lehiakideen taldea:

Aitziber Alor (33 urte): Algortakoa da. Haurdun dauden emakumeentzat 4D ekografiak egiten dituen zentro bat du, eta aisialdian lagunekin parranda eta Pole Dance egitea du gogoko.

Larraitz Pagoaga (24 urte): Donostiarra da. Finantza-teknikari gisa egiten du lan, eta bidaiatzea eta mendia joatea dira bere zaletasunak.

Iker Barato (30 urte): Atxondarra da jaiotzez, baina Zornotzan bizi da, baserri batean, aberez inguratuta. Desgaitasunen bat duten pertsonekin egiten du lan.

Jon Ruiz, Wino (34 urte): Basauriko San Migel auzokoa da. Aroztegi metaliko batean egiten du lan, motorzalea da, eta txakurrarekin mendira joatea du gogoko.

Adrian Arsuaga (33 urte): Donostiarra, enpresa-aholkulari gisa aritzen da. Libre duenean, bidaiatzea, beste kultura batzuk ezagutzea, gastronomia, irakurtzea eta motorraren mundua ditu gogoko.

Amaia Alboniga (33 urte): Bermeokoa da, eta seme bat du. Komertzial gisa egin du lan, baina gaur egun langabezian dago. Mendira joatea eta korrika egitea dira bere zaletasunak.