Itxi

telebista

Bertsolaritza, 15:00etan

Gontzal Mendibil gonbidatu, gaur, 'Hitzetik Hortzera' saioan

EiTB

Aste honetan Zeanuri, Amurrio eta Oiartzungo bertsoaldi onenak izango dira entzungai.

  • Gontzal Mendibil. Argazkia: EiTB

    Gontzal Mendibil. Argazkia: EiTB

Bertsolaritza gertutik ezagutzen du Gontzal Mendibilek: bertso-eskolako ikasle da gaur egun eta, orain dela zenbait urte, Iparragirreri buruzko ikuskizun batean parte hartu zuen. Ikuskizunaren zatitxo bat eskainiko dugu programan. Aste honetan Zeanuri, Amurrio eta Oiartzungo bertsoaldi onenak eskainiko dituzte.

Elkarrekin harreman estua dute bertsoak eta musikak. Kantari asko aritzen dira bertsolarien hitzei doinua jartzen, eta bertsolari askok erabili izan dituzte aurrez kantariek osatutako doinuak. Gontzal Mendibilek ere gertutik ezagutzen du bertsolaritza: bere garaian bertsolarien hitzei musika jartzen aritu ondoren, bertso-eskolako ikaslea da gaur egun. Bera izango da aste honetako 'Hitzetik Hortzera'ko gonbidatua. Hitzez eta kantuz goxatuko du igandeko saioa.

Iparragirreri buruzko musikala

Aspaldikoa da Gontzal Mendibilen eta bertsolaritzaren arteko harremana. Orain dela urte batzuk Jose Mari Iparragirre bertsolari eta kantari urretxuarrari buruzko ikuskizun erraldoi bat osatu zuen. Ikuskizunaren zatitxo bat eskainiko du igande honetako 'Hitzetik Hortzera'k.

Gorbearen magaleko bertsoak

Zeanurin elkarrizketatu zuten Gontzal Mendibil, eta berarekin joan ziren hilaren 15ean pilotalekuan egin zen bertso jaialdira. Eñaut Intxaurraga aurkezle zela, seikote ederra jardun zen bertsotan: Jon Maia, Unai Iturriaga, Etxahun Lekue, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Igor Elortza. Saioko bertsoaldi onenak ikusgai izango dira igandeko programan.

Amurrio eta Oiartzungo saioak

Baina ez dituzet Zeanuriko bertsoak soilik eskainiko, beste bi saiotako bertsoaldiak entzuteko aukera izango dira. Amurrioko saiotik Alaia Martinek eta Amets Arzallusek osatutako ariketa ekarriko dute: kaiola zabaldu berritik kantatuko du Amets Arzallusek.

Oiartzunen, berriz, Etxerat elkarteak antolatuta urteroko bertso-jaialdia egin zen urtarrilaren 8an. Julio Soto, Jone Uria, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Igor Elortza, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Andoni Egaña aritu ziren kantuan Unai Elizasu gai-jartzaile zutela. Elorsoro kiroldegia bete egin zen berriz ere. Saio horretako bertsoaldi onenak ere eskainiko dituzte igandean.

Igandean ikusgai

Hori dena eta askoz gehiago gaur izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 15:00etatik aurrera. Eta jarraian interneten egongo da saioa, EiTB Nahieran-en.

an-en.