Itxi

telebista

Ibilbide gastronomikoak

Legazpin izango da, arratsaldean, 'Historias a Bocados' saioa

EITB

Ander Gonzalez sukaldariak auzokideen istorioak ezagutuko ditu, gastronomiarekin lotuta.

Ander Gonzalez sukaldaria Legazpira joango da gaur 'Historias a Bocados' saioan. Bertan, auzokideen hainbat istorio ezagutuko ditu, gastronomiarekin lotuta.

XX. mende erdialdean, milaka etorkin iritsi ziren Euskal Herrira, industrian lan egitera. Horietako bat ezagutuko du Anderrek: Carmen Ortiz, duela 50 urte Extremadura utzi zuen emakumea. Lenbur Fundazioak etxebizitza bat berregin du Legazpin, orduko bizimodua nolakoa zen azaltzeko. Etxebizitza horretako sukaldean prestatuko du Carmenek bere platerik gustukoenetako bat: ogi-mamiak.

Bestalde, Mari Angeles Ugartek taloa egiten erakutsiko dio Anderri Elortza baserrian. Telleriarteko Talogileak elkarteak bultzatuta, taloak egin eta saltzen hasi dira berriz ere gure herrietako jaietan, eta elkarte horren kide da Maria Angeles. Berarekin batera, sukaldean, Maria gaztea izango da, eta taloaren inguruko hainbat istorio kontatuko dituzte bien artean.

Kimu-Berri aterpetxea ere oso ezaguna da Legazpi inguruetan. Mendizaleentzat erreferentzia da, eta bertan hartzen dute atseden, salda beroa, txorizo pintxo bat eta ardo kopa bat lagun. Isabel Sanz Lakiolako Kimu Berri Kultur Elkarteko kideak salda bero bikaina prestatuko dio Anderri.

Amaitzeko, Brinkola auzoa ezagutuko dute, nortasun propioa duen Legazpiko auzoa. Tere Madinabeitiak kontatuko dizkio Anderri auzoaren inguruko istorio guztiak, patata-tortila ezin hobea prestatzen duen bitartean.

'Historias a Bocados' igande honetan izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB2n.

/p>