Itxi

telebista

Txirrindularitza zuzenean

Frantziako Tourra, uztailaren 23ra arte, zuzenean, EiTBn

EITB

ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta eitb.eus-ek arreta berezia eskainiko diote lasterketari.

0:10

EiTBko hedabideek, Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta eitb.eus-ek arreta berezia eskainiko diote uztailaren 1ean hasi den FrantziakoTourrari.

ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute txirrindularitzaren urteko hitzordu garrantzitsuena, egunero, Fermin Aramendiren, Xabier Usabiagaren eta Pedro Mari Goikoetxearen kontakizunarekin. Frantziako Tourraren jarraipen zabala egingo du ETBk eta hainbat etapa hasieratik eskainiko ditu zuzenean. Gainera, txirrindulari euskaldunen jardunari arreta bereziz jarraituko die. Ohi denez, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan ere Tourraren jarraipen zabala egingo dute egunero.

Irratiei dagokionez, Euskadi Irratiak egunero 16:00etan hasita etaparen azken txanpa eskainiko du. Joxe Mari Apaolaza buru dela honako hauek osatuko dute berriemaile eta komentarista taldea: Igor Gallastegi, Iñaki Berastegi, Txomin Perurena, Mikel Astarloza eta Leire Olaberria.  Asteburuan, berriz, 'Hiru Erregeen Mahaia'k emango du lasterketaren berri.

Radio Euskadin, halaber, egunero egingo diote tartea zuzenean Tourrari arratsaldean. Dani Egaña adituak eta Joseba Beloki txirrindulari ohiak, besteak beste, egingo dute etaparen kontakizuna, kirol erredakzioko lankideen laguntzaz.

Tourraren 104. edizioa

Tourraren 104. edizioak, guztira, 21 etapa izango ditu, 3,540 kilometroko ibilbidea, eta uztailaren 23an amaituko da Parisen.

Txirrindulariek ibilbide menditsuari egin beharko diete aurre; 23 mendate igaro beharko dituzte guztira. Ibilbidean zehar Frantziako mendigune garrantzitsuenak igaroko dituzte honako ordena honetan: Vosgoak, Jura, Pirineoak, Frantziako Erdialdeko Mendigunea eta Alpeak.

Goi eta erdi-mendiko etapak, guztira, hamar izango dira, eta nabarmentzekoak dira mendate gainean amaituko diren goi-mendiko hiruak: La Panche de Belles Filles (5), Peyragudes (13) eta Izoard (18). Azken mendate hau maila berezikoa da, 14,3 kilometroko luzeera du eta %7,3ko pendizarekin.