Itxi

telebista

22:55ean

'Alava Sarea, emakume espioi ikusezinak' dokumentala eskainiko du ETB1ek

EiTB

Historiak ahantzitako emakume batzuen balorea eta kuraia ardatz dituen kontakizun honek espioitza, militantzia politikoa eta elkartasuna tartekatzen ditu.

0:27

Alava Sarea, emakume espioi ikusezinak dokumentala eskainiko du gaur ETB1ek. Historiak ahantzitako emakume batzuen balorea eta kuraia ardatz dituen kontakizun honek espioitza, militantzia politikoa eta elkartasuna tartekatzen ditu.

Euskal Herriko lurraldeetan gerra zibila bukatu zenean, preso zeuden gudariei laguntzeko bide bezala jaio zena, azkenean, isilpean, klandestinitatean, aritu zen sare bihurtu zen, hainbat ekintza garrantzitsu gauzatu zituen sarea.

Sare honek ez zituen soilik presoak eta horien senideak artatu, atxiloketak eragotzi eta frankismoak jazarritakoei mugaz bestaldera pasatzen lagundu; izan ere, erbestean zeuden euskal erresistentziako buruzagiei ere lagundu zien.

Euzkadiko Gobernuak eta EAJ-PNVk barruko informazio politiko, militarra, ekonomikoa eta soziala bidali zieten, Europako potentzia demokratikoei helarazteko. Elkartasuna eta espioitza, Espainiako Estatuan gertatzen ari zena munduan salatu eta ahalik eta bizitza gehien salbatzeko.

Bittori Etxeberria, Itziar Mujika, Delia Lauroba eta Tere Verdes izan ziren sare horretako zutabeak, eta gizonak ere izan ziren bertan, baina emakumeen lana benetan garrantzitsua izan zen.

Dokumentalean lau emakume horien ahotsak entzuteko aukera izango da. 85 urte geroago, Eugenio Ibarzabal kazetari eta idazleak 70eko hamarkadan egindako elkarrizketa bati esker, protagonistek eurek kontatuko dituzte euren bizipenak.

Lan honek ahalegin handia egin du errealizazio aldetik ere, eta Iñaki Madariagaren marrazkiek jarriko diete aurpegia protagonistei eta horiek egindako ekintzei.

Historia honen amaiera naziek Paris hartzen dutenean helduko da. Poliziak Euzkadiko Gobernuak Parisen zuen egoitzan zeukan dokumentazio konprometitua aurkituko du han. Ostean, kartzela, epaiketak, heriotza zigorrak eta fusilamendu bat etorriko dira.

Dokumentalak euren bizitzak herri baten askatasunaren alde arriskuan jarri zituztenak omentzea du helburu.

Honako hauek parte hartu dute dokumentalean: Gaizka Mendieta, Felisa Akarregi eta Fernando Zabala heriotza zigorrera kondenatutako gudariaren biloba; Kirmen Uribe idazlea; Txema Montero abokatua; Amaia Kowasch Sareak Ehotzen liburuaren egilea; Eugenio Ibarzabal kazetari eta idazlea; Josu Chueca historialari eta EHUko irakaslea eta Román Berriozabal ikertzailea.

Senideen aldetik, berriz, honako hauek hartu dute parte: Maria Larrinaga, Itziar Mujikaren koinata; Olatz Aranburu, Delia Laurobaren laguna; Arantza eta Cesareo Etxeberria, Bittori Etxeberriaren lobak; Pello Fernandez, Bittori Etxeberriaren laguna; Joseba Verdes eta Patricia Verdes, Teresa Verdesen loba eta loba txikia; Jose Antonio Urbiola, Modesto Urbiola sareko kidearen semea, eta Isabelle Ajuriagerra, Juan Ajuriagerraren loba.

Alava Sarea, emakume espioi ikusezinak ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai, 22:55ean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista