Itxi

telebista

22:30ean

Esperientzien turismoa izango du ardatz "#Basquexperience" saioak, gaur gauean

EiTB

Atal horretan, Adelak Urkiolan artzaina izateko esperientzia biziko du, Ordizian gastronomia tailerra egingo du eta Baiasen artisau garagardoen fabrikazio prozesua nolakoa den ikasiko du.

  • Adela Gonzalez Xabier Martinez sukaldariarekin, Ordizian.

    Adela Gonzalez Xabier Martinez sukaldariarekin, Ordizian. EiTBren bideo batetik ateratako irudia.

Ostegun honetan, irailaren 10ean, Adela Gonzalezek aurkeztutako ETB2ko turismo aktiboari buruzko "#Basquexperience" saioak esperientzien turismoa izango du hizpide, emozio eta sentsazio bakarrak sentitu nahi dituztenentzat bidaiatzeko modurik onena.

Aurkezlea Skunkfunk markaz jantzita joango da oraingoan, eta egun batez Urkiolako Parke Naturalean dagoen Alluitz Natura baserrian gatzatua eta gazta egiten arituko da artzainaren azalean. Ondoren, D'Elikatuzen eskutik gastronomia tailerra egingo du, Ordiziako azokara bisita eginez eta Xabier Martinez sukaldariak gidatutako pintxoak eginez. Horrez gain, artisau garagardoen fabrikazio prozesua nolakoa den ikasiko du Baias garagardotegian, Salvada mendilerroaren magalean, Urduñan.

Azkenik, Adelak esperientzia oso berezi bat bizitzeko aukera izango du Butroeko gazteluaren inguruan zaldi gainean paseatzen Iker Barbiorekin, "El Conquistador del fin del Mundo" saioko azken irabazlearekin.

"#Basquexperience" Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak babestutako programa da, barne-turismoa modu aktibo eta iraunkorrean sustatzeko. Gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.