Itxi

telebista

Sanferminak 2023

ETB1ek sanferminetako entzierroak eskainiko ditu gaurtik aurrera

EITB Media

EITB buru belarri murgilduko da 2023ko sanferminetan Iruñean biziko den jai giroan. Eguneroko jarraipena emango diete EITBko hedabide guztiek San Fermin jai ospetsuei.

0:21
Sanferminetako entzierroak, zuzenean, ETB1en

Aurten ere, entzierroen zuzeneko emanaldia izango da, egunero, ETB1en eta eitb.eus-en. Goizero, "Entzierroa" saio bereziak Iruñeko Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko dituen emozioz beteriko lasterketa eskainiko du 07:45etik aurrera. RTVEkin lortutako elkarlan hitzarmenari esker, iaz bezala, entzierroen emozio guztia telebistaz jarraitu ahal izango da, zuzenean, Iban Garatek gidatuko duen saioan.   

Horretarako, hainbat gonbidatu eta adituekin ariko da solasean Iban entzierroen inguruan: korrikalariekin, zezen adituekin, Iruñeko kazetari eta beste hainbat iruindar eta nafarrekin, gertatzen den guztia ondo azaltzeko eta ulertzeko. Horrez gain, programan, lau erreportari nafar ere izango dira: Anabel Arraiza, Iñigo Ziganda, Iñaki Ainciburu eta Albina Stardust.

EITBko irratiek ere zuzenean eskainiko dituzte entzierroak: Aritz Agirrek eta Aitor Perezek egingo dute emanaldiaren kontakizuna Radio Euskadin eta Radio Vitorian, eta Iñaki Berastegik eta Patxi Irigoienek Euskadi Irratian.

Dokumentalak eta jarraipen informatibo zabala

Sanferminetako jai-giro gurera ekartzeko, EITBko hedabide guztiek zuzeneko konexioak egingo dituzte hiriko kaleetan, eta festak ikuspuntu ezberdinetatik aztertuko dituzte erreportajeen bidez. Besteak beste, sanferminek presentzia nabarmena izango dute "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan, eta baita "Biba Zuek!" saioan, astelehenean estreinatuko den "Gora Bihotzak" programa berrian, eta "En Jake" eta "Nos Echamos a la Calle" eguneroko saioetan.

Bestalde, Amaiur Elizarik aurkeztutako "Navarra Hoy" programak sanferminetako bi saio monografiko eskainiko ditu, uztailaren 7an eta 14an, Nafarroarako deskonexioan. Jaien jarraipen zabala egingo dute, jai-ekitaldi garrantzitsuenak, kaleko giroa, entzierroak eta sanferminetan gertatzen den guztia bilduz.

Radio Euskadi, Radio Vitoria, Euskadi Irratia eta Gaztea irratiek egunero emango dute San Fermin jaietako azken orduaren berri goizeko eta arratsaldeko saioetan, gonbidatu berezi eta zuzeneko konexioekin.

Azkenik, eitb.eus-ek sanferminen inguruan sortuko diren eduki guztiak bilduko ditu webgune berezi batean eta jaien ekitaldi nagusienak streaming bidez eskainiko ditu (txupinazoa, "Pobre de Mi", pilota jaialdiak eta saio bereziak, besteak beste.) Halaber, EITBk sanfeminetako azken orduaren berri emango du sare sozialetan, baita EITBko hedabideek egingo dute jaien inguruko jarraipena ere.

Musika eta kirolak

Halaber, uda honetan ere, "Lau Teilatu" musika ekimena jarriko du martxan Euskal Telebistak. Hala, uztailaren 8an, 22:15ean, Janus Lester abeslariaren kontzertua eskainiko da Baluartetik, Ilaski Serranok aurkeztuta, ETB1en. Ondoren, iaz Iruñean grabatutako Puro Relajoren kontzertua izango da ikusgai.

Gainera, San Fermin pilota txapelketa zuzenean eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en. Torneoko finalak, emakumeena (uztailak 8) eta gizonezkoena (uztailak 14), Radio Euskadin eta Euskadi Irratian ere jarraitu ahal izango dira; eta Nafarroako lau t'erdiko txapelketa finala ere telebista eta irratietan izango da ikusgai uztailaren 7an.