Itxi

albistea

30. urtemuga

EITBk 30. urtemugaren inguruan abestia sortu du

A.H.

EITB

Xabier Euzkitzeren hitzak eta Dani Venegasen musika ditu, eta Zuriñe Hidalgo ETB-1eko 'Kantuan' saioko irabazleak jarri dio ahotsa.

02:47
''Elkarrekin berriro'', EITBren 30. urteurreneko kanta

EITBk 30 urte bete ditu aurten, 30 urte euskal gizartearekin batera hazten eta garatzen, bizi oso bat, eta hamaika oroitzapen. Urteurrenaren inguruko ospakizunen artean, abesti berezi bat sortu du EITBk, elkarrekin bizitako 30 urte hauei begira, hainbat momentu gogora ekarriz.

Xabier Euzkitze aurkezle eta bertsolariak idatzi ditu abestiaren hitzak , eta Dani Venegasek sortu du musika. Zuriñe Hidalgok, 'Kantuan' saioaren lehenengo edizioaren irabazleak, berriz, jarri dio abestiari ahotsa.

Gaztea izan arren, eszenatoki gainean esperientzia handikoa da Zuriñe. Nafarroako Hesian talde ezaguneko abeslaria da. Julian Iantzik aurkeztutako 'Kantuan' saioan gaitasun eta talentu handiak erakutsi zituen, eta kantari guztien artean bera izan zen eitb.com-en botoa eman zutenen artean gustukoena.

Hala, Zuriñeren ahotsak denboran barrena bidaiatzera gonbidatuko gaitu, harridura eta irribarrea sortuko dituzten hainbat irudi eta oroitzapen berreskuratuz. Izan ere, abestiaren bideoklipak hainbat une gogoangarri bildu ditu, 30 urte hauetan EITBk sortu dituen irudiak eskainiz.

Hementxe Xabier Euzkitzek sortutako abestiaren hitzak:

Oroitzen al haiz gure lehen musuaz,
hormonen dantzaz, bihotzaren suaz…
Zenbat zirrara, zenbat sentipen ero,
zenbat zoramen gauero-gauero…

Hasiberrien maitemina,
etorkizuneko planak…
Ai, berritzeko gai bagina
egun zoragarri joanak!

Elkarrekin elkarrekin
amodio betean
Elkarrekin elkarrekin
30 urtean.

Gure orduko irudi eta hotsak
ez ditin inoiz ahaztuko bihotzak.
Ederrena dun, ene maiteño eztia,
orain aurretik daukagun guztia…

Hasiberrien maitemina…