Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Omenaldia

Mutu utzi zuen Porrotx 'Asko maite zaitut' saioko omenaldiak

Haur minbizidunen gurasoen Aspanogi elkarteak eurekin egindako lan guztia eta emandako maitasun eta indarra eskertu zion Joxe Mari Agirretxeri, Porrotx pailazoari.

9:37

Joxe Mari Agirretxe, Porrotx pailazoa, erabat mutu gelditu zen 'Asko maite zaitut' saioan, Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen Aspanogi elkarteak egindako omenaldiarekin. Minbizidun haurrek eta haien gurasoek urte pila batean zehar haien alde egindako lana eta emandako indarra eskertu nahi izan zioten ETB1eko saioaren bidez.

Aiora Zulaikak, Pirritxek, eta Mertxe Rodriguezek, Mari Mototsek, lagunduta iritsi zen Joxe Mari Agirretxe Lasarteko Brigida plazara. Bere lankideekin batera, bilera batera zihoala uste zuen Joxe Marik, eta erabat harrituta gelditu zen "Porrotx faltsu batek" harrera egin zionean. Herriko abesbatzak "Maite zaitut" abestuz hartu zuen, eta dantza taldekoek koreografiatxo bat egin zioten.

Ondoren irten ziren Aspanogi elkarteko lagunak, eta orduan hasi zen Joxe Mari gertatzen ari zena ulertzen. Aspanogi elkarteko Bittor Andonegi lehendakariaren eta Nekane Lekuona gizarte-laguntzailearen esker hitzekin asko hunkitu zen, eta are gehiago, haien atzean zeuden lagun pila hura (haur zein guraso) ikustean; tartean, Ane Perez (Ane pirata) zenaren ama eta ahizpa ere bai.

Gezurra badirudi ere, hitzik egin ezinda, erabat hunkituta eta mutu, gelditu zen Joxe Mari omenaldiarekin. Aiorak eta Mertxek hartu behar izan zuten hitza hasierako uneetan. Muxu eta besarkaden ondoren, eta pixka bat lasaituta, Aspanogi elkarteko jendeak urte hauetan guztietan erakutsi dion guztia eskertu nahi izan zuen. Eta beti dagoela "irribarre egiteko arrazoiren bat" gogorarazi zigun.

2003an hasi zen Joxe Mari Agirretxe Aspanogi elkartearekin lanean. Urte hartan, haurrentzako festa alai bat antolatu nahi izan zuen gurasoen elkarteak. Joxe Marik batere kobratu gabe parte hartu nahi izan zuen festa hartan, eta Mertxe Rodriguezekin batera joan zen. Porrotx eta Kintxo pertsonaiak eraman zituzten.

Ondoren, ospitalera haurrak bisitatzera joaten eta beste hainbat ekitalditan parte hartzen hasi ziren. Gainera, sarritan, haur gaixoen etxeetara ere joan omen da Joxe Mari. Ospitaleko bisitetako batean, Ane Perez, gaixo zegoen gaztetxo bat, ezagutu zuten, eta neskato haren bizipoza eta indarra oinarri hartuta, "Eskerrik asko!" ikuskizuna eta Ane pirata pertsonaiak sortu zituzten, eta minbizia duten haur eta gazteen egoera mundu guztiari ezagutarazi diote horrela.

Joxe Mari Agirretxe, 'Porrotx', protagonista izan zuen "Asko maite zaitut" saioa EiTB Nahieran dago osorik.

p> p>