Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Omenaldia

Malkoei eutsi ezinda, ia-ia alde egin du omenalditik Azkoitiko Luisek

A.A. | EiTB

Bizi osoa besteei laguntzen eman du Luis Arregik, Caritasen, odol-emaileen elkartearen edota elikagaien bankuaren bidez. 'Asko Maite Zaitut' saioan lan hori guztia eskertu nahi izan diote.

10:44

Azkoitian, Urola bailaran, egin du lehen geldialdia "Asko Maite Zaitut" saioak aste honetan, Luis Arregi omentzeko. Bere eskuzabaltasuna eskertu nahi izan diote berak laguntzen dituen taldeetako kideek, familiakoek eta lagunek.

Beharra duen edonori laguntzea barru-barrutik eta pentsatu gabe ateratzen zaion zerbait da, Luis Arregiren seme-alabek eta lagunek diotenez, eta halaxe erakutsi zuen ETB1eko saioak egindako kamera ezkutuan; berehala joan zen Zuhaitz Gurrutxagari laguntzera. Besteei laguntzeko bide horretan, hainbat elkartetan aritzen da edo aritu izan da: 30 urte daramatza Gipuzkoako Odol Emaileen elkartean boluntario gisa, Caritasen ere aritzen da, eta baita Azkoitiko elikagaien bankuan ere. Noski, lan hauek guztiak musu-truk egin izan ditu beti.

Beti besteengan pentsatzen aritzen denez, eta lan handia egin izan duenez, Luis Arregiri omenaldia egiteko garaia iritsi dela iritzi dio Juanjo Ruiz de Azuak, odol-emaileen elkartean berarekin lanean aritzen den lagunak. Dena ongi ateratzeko, gainera, laguntzaile izan dituzte Mikel eta Miren, Luisen seme-alabak, eta Sabin Urzelai, odol-emaileen elkarteko presidentea ere.

Azkoitiko merkatu plazan egin dute omenaldirako hitzordua, han ondoan baitago odol-emaileen egoitza. Luis asko hunkitu da familiakoak, lagunak eta beste boluntarioak berari txaloka ikusi dituenean; malkoei eutsi ezinda, ia-ia alde egin du, gainera! Hasierako ezustekoa gainditu ostean, San Jose egoitzakoen eta odola jaso duten hainbat pertsonaren mezuak ikusi ditu, eta, amaitzeko, Aitor Mendiluzek bertsoa bota dio.

EiTB Nahieran atarian dago ikusgai Azkoitiko Luis Arregi protagonista duen "Asko Maite Zaitut" saioa.