Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Omenaldia

Emakume irribarretsua eta esker onekoa dela erakutsi du Josefinak!

A.A. | EiTB

Larrabetzuko Manuene egoitzakoek egin dioten omenaldian irribarrea ahoan izan du denbora guztian Josefina Oregik.

11:34

Larrabetzuko Josefina Oregik emakume umoretsua eta esker onekoa dela erakutsi du 'Asko Maite Zaitut' ETB1eko saioan. Manuene egoitzan lankide izan zituenek omenaldi sorpresa egin nahi izan zioten. Irribarre batekin eta esker oneko hitzekin erantzun du emakumeak.

1982an sortu zuen Osakidetzak Manuene egoitza, mendekotasunen bat duten gaixoei lagundu ahal izateko, eta drogekin arazoak izan dituztenak edo bestelako gaixotasun neurologikoren bat izan dutenak ere hartu dituzte han. Bertako sukaldari eta laguntzailea izan zen Josefina Oregi 30 urtez. Beti umore onean eta irribarre bat ahoan duela ibiltzen den emakumea izaki, asko lagundu die hango gaixoei bizitzako une txarrei aurre egiten. Zuhaitz Gurrutxagari kamera ezkutuan aitortu zionez, "titulurik gabeko psikologoa" izan omen zen askotan.

Berezkoa duen jarrera umoretsu eta positibo hori eta egindako lan guztia kontuan hartuta, egoitzan lankide izan zituen Tomas Ellakuriak eta Mikel Palaciosek Josefinari "eskerrik asko" eta "asko maite zaitut" esateko garaia dela iritzi zioten. Horretarako, Josefinaren seme-alabak (Begoña eta Agustin) izan zituzten lagun, eta baita Josefinak etxekotzat duen lagun handi bat ere: Gontzal Mendibil.

Hain zuzen ere, Gontzal Mendibilekin kantatuz, pozarren, hartu zuen Josefinak omenaldia. Alabarekin Manuenera zihoala, mozorrotutako lagun batzuk jaso dituzte kotxean eta dagoeneko barreari eutsi ezinda aritu da. Josefinak, emakume bizia denez, susmoa hartu du eta horietako bat Zuhaitz dela igarri du. Ondoren, Manuenen, irribarre handi bat izan du aurpegian ekitaldi osoan zehar eta nabari izan zaio ongi pasa duela. Manuenen lan egin duela onartu du, baina omenaldia "larregi" izan dela aitortu du, ez zuela hainbeste espero.

Larrabetzuko Josefina Oregi protagonista izan duen "Asko Maite Zaitut" EiTB Nahieran dago ikusgai.