Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Omenaldia

Elena Irureta, lotsatuta baina pozik, 'Asko Maite Zaitut'en omenaldiarekin

A.A. | EITB

Telmo Irureta ilobak bultzatu du ekitaldi hau. Haserretu egin zitekeela pentsatu bazuen ere, zoriontsu egin du izeba. Gainerako ilobak eta Loli Astoreka eta Aizpea Goenaga ere konplize izan dira.

11:43

"Apuro ederra" pasa du Elena Iruretak "Asko Maite Zaitut" saioan egindako omenaldiarekin. Baina aldi berean oso zoriontsu eta pozik gelditu da lagun guztiak eta familia han ikusita.

Telmo Iruretak, Elenaren ilobak, bultzatu du saio hau. Oso harreman berezia daukate izeba-ilobek. Batzuen ustez "biak berdinak" direlako edota "elkarren fan handiak" direlako daukate harreman hori. Telmok Zuhaitz Gurrutxagari kontatu dionez, aktore bezala asko gustatzen zaio Elena, baina askoz gehiago gustatzen zaio izeba bezala. Berarekin bizi izan dituen momentuetako asko oso bereziak dira Telmorentzat, elkarrekin mozorrotzen zirenekoak edo etxean grabatutako film motzak. Izebak benetan pentsatzen duena esaten omen dio, baita gauzak gaizki egiten dituenean ere, eta hori asko baloratzen du Telmok.

Telmo oso berezia bada ere, iloba guztiak mimatzen ditu Elena Iruretak. Hala adierazi dute, behintzat, Mariak eta Irenek, Elenaren bederatzi ilobetako bik. Beste inorekin egiten ez dituzten planak egiten omen dituzte Elenarekin. Bakoitzaren urtebetetzean zerbait berezia antolatzen omen du eta asko jolastu omen du haiekin: mozorrotzen, antzerkia egiten... Guztientzat oso izeba maitea da.

Horrez gainera, emakume nekaezina da Zumaiako aktorea, buruan beti zerbait berria darabilen horietakoa. Loli Astoreka eta Aizpea Goenaga aktoreak oso lagun minak ditu, "ahizpak" balira bezala maite dute elkar. Antzerki eskolan ibili zireneko garaiak eta Euskal Telebistan egin zituzten lehen saioak ekarri dituzte gogora Zuhaitz Gurrutxagarekin elkartu direnean: "Beni eta Marini", "Hau da AU" eta abar.

Omenaldiaren aurretik, guzti guztiek aipatu dute Elena ez dela horrelako sorpresen zalea eta agian pixka bat haserretu daitekeela. Baina Telmok bultzatutako ekitaldia denez, horrek gozatuko duela egoera.

Familia eta lankideak konplize izan ditu "Asko Maite Zaitut"ek Elena Iruretari egindako omenaldian. Zumaiako Aita Mari antzokian elkartu dira guztiak Telmoren bakarrizketa bat ikusteko aitzakiarekin. Telmok berak hasi du ikuskizuna, baina ondoren, han agertu dira guztiak, familiakoak lehendabizi eta Elenarekin lan egindako aktore asko ondoren: Jose Ramon Soroiz, Eneko Olasagasti, Aitziber Garmendia, Itziar Lazkano, Ramon Agirre, Inazio Tolosa... Noski, baita Loli Astoreka eta Aizpea Goenaga ere. Horrez gainera, Joaquin Climent aktoreak ere bidali du bere agurra bideoan.

Gertukoek esan bezala, horrelako ekitaldiak ez zaizkio gustatzen Elenari, baina oraingoan ez da inola ere haserretu. Lotsatuta bai, baina oso pozik eta zoriontsu hartu du omenaldia zumaiarrak; hala aitortu du, behintzat, ondoren egindako elkarrizketan.

Elena Irureta protagonista duen saioa osorik ikusi daiteke EiTB Nahieran atarian.